Neguko lorea: Lilipa
1994/02/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria
Neguan badira lore politak, eta horren lekuko da lilipa. Urtarrilaren bukaera aldean, zenbaitetan elurrartean, belardiak eta horiz janzten hasten dira. Itsas maldetatik gure mendietako zelai eta zapaldetaraino zabaltzen da (Gorbeia, Hernio, Aiako Harria, Urbasa, ...) landare polit hau, lehenago aipaturiko belardiak eta txilardegiak berarentzat oso begiko habitatak direlarik.
Lilipa hau, Frantzia/Iberia atlantiar aldeko landare endemikoa dugu, eta hegoaldeko zenbait zonatan azaltzen bada ere, atlantiar eragineko guneetara mugatzen da batez ere, lurzoru heze, azido eta silizeoak oso begikoak izaten dituelarik.
Landare hau oso tamaina desberdinetakoa izaten da (10-30 cm), baina erraz identifikatuko dugu bere lore bakunari begiratzen badiogu. Lore hau inbutu-formakoa izanik, zurtoinetik gutxi-asko horizontalki mantentzeko joera izaten du. Bere kolore horiak tonu desberdinak izan ditzake, usain ahulekoa delarik. Lore-koroaren barruan lorezilak; pistiloa berriz, kanpoan. Hostoak berde biziak izaten dira, oso hestuak, ia-ia zilindrikoak eta erreboil txiki batetik (bere sustraitik) 2-4 irteten dira. Erreboil hauek zertxobait pozoitsuak direla azpimarratu behar da.
Lilipa hau, 1861. urtean zitatu zen Aiako Harrian, gaur egun leku berean ikus dezakegularik. Gure inguruko botanikarien ustez, Euskal Herrian azaltzen diren Narcissus bulbocodium guztiak citrinus subspeziera eraman behar direla zehazten dute. Egia esan, jenero honen barruan zenbait espezie determinatzeko botanikariek zailtasunak dituzte; espezieen arteko hibridazioak egoten baitira, espezie dexente lore apaingarri modura ere erabiliz.
Europan 40 espezie inguru ezagutzen dira, hauetariko 15 bat Euskal Herrian agertzen direlarik (2 hibrido barne). Landare gehienak hedapen desberdineko endemismoak dira eta berriro ere hurrengo batean jenero hau aztertzeko asmoa badugu.
FITXA TEKNIKOA Lilipa Familia: Amarilidazeoak |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia