Neanderthalak ez ziren guztiz desagertu
2010/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Neanderthalen genoma sekuentziatu dute eta gaur egungo gizakiarenarekin konparatu
Duela 30.000 urte inguru desagertu zen Neanderthalgo gizakia. Ez guztiz, ordea: haien geneak ditugu gure genoman. Ondorio horretara iritsi da nazioarteko ikertzaile-talde bat, neanderthalaren genoma sekuentziatu eta gaur egungo gizakiarenarekin alderatu ondoren.
Neanderthalaren genomaren azterketa Science zientzia-aldizkarian argitaratu dute, artikulu-sorta gehigarri batekin batera. Max Planck Institutuko Svante Pääbo genetikariak gidatu du sekuentziazioa, eta, berez, neanderthalaren genomaren % 60 baino ez dute sekuentziatu. Hala ere, lorpen handia da; are gehiago, aintzat hartuta erabili dituzten laginak oso hondatuta zeudela.
Hain zuzen, teknika berri bat erabili behar izan dute, lagin hain kaltetuetatik informazioa lortu ahal izateko. Horrez gain, kontu berezia izan dute beste espezie batzuen kutsadurarekin. Izan ere, 2006an neanderthalaren genomaren lehen zirriborroa aurkeztu zutenean, ikertzaile batzuek erakutsi zuten gaur egungo gizakiaren DNArekin oso kutsatuta zegoela (% 80); orain erabili duten teknikari esker, kutsadura % 0,6-koa izatea lortu dute.
Sekuentziazioan, Kroaziako haitzulo batean aurkitutako hiru hezurren laginak erabili dituzte batez ere. Banako desberdinenak dira, eta, hirurak, emeenak. Horiez gain, Errusian, Alemanian eta Espainian (El Sidrón haitzuloan, Asturiasen) topatutako laginak ere erabili dituzte.
Ikertzaileek ohartarazi dute gaurko gizakiak eta neanderthalak ahaidetasun handia dutela, eta, beraz, litekeena dela, genomaren bi eremu jakin alderatzean, antzekotasun gehiago topatzea neanderthal baten eta gaur egungo pertsona baten genomen artean oraingo bi pertsonenen artean baino.
Antzekotasunak eta diferentziak
Neanderthalaren genoma gaur egungo pertsonenarekin alderatzeko, jatorri desberdineko bost banakoren genomak deskodetu ditu Pääboren taldeak: hegoafrikar batena, mendebaldeko afrikar batena, papuar batena, txinatar batena eta frantziar batena, hurrenez hurren.
Hala, ikusi dute aukera gehiago daudela antzekotasunak topatzeko neanderthalaren genomaren eta afrikar jatorria ez duten pertsonen genomen artean afrikarrenekin baino. Hori azaltzeko hipotesi errazena da neanderthalak eta gaur egungo gizakiaren arbasoak gurutzatu egin zirela, azken hauek Afrikatik atera ondoren eta Eurasian hedatu aurretik. Zehazki, kalkuluen arabera, duela 100.000-50.000 urte gertatu zen gurutzaketa, Asia Hurbilean. Aztarna arkeologikoek ere garai hartan bi populazioak han bizi izan zirela frogatzen dute.
Ikertzaileek ikusi dute gaur egungo genomaren % 1-4 neanderthalena dela. Populazio-ereduek erakusten dutenez, populazio kolonizatzaile batek egonkor batekin topo egiten duenean, nahasketa txikia izanda ere isla handia izan dezake kolonizatzaileen genoman, populazio kolonizatzaile hori asko hedatzen bada. Horrenbestez, adituek uste dute hibridazioa nahiko mugatua izan zela.
Gureak bakarrik
Bestetik, Pääboren taldeak metodo bat garatu du, bi espezieak banatu zirenetik gaur egungo gizakiaren genoman dauden eta neanderthalenean azaltzen ez diren eremuak bilatzeko. Sekuentzia-zati horiek hautespen positiboaren emaitza dira, eta, beraz, pentsatzekoa da espezieari aurrera egiten laguntzen diotela.
Metodo horren bidez, 212 eremu bereizi dituzte, eta horietatik hiru gene nabarmendu dituzte. Gene horiek, mutatuta azaltzen direnean, garapen mentalari eta kognitiboari eragiten diote. Hain zuzen ere, Down sindromearekin, eskizofreniarekin eta autismoarekin lotuta daude. Horiez gain, beste gene batzuk ere aurkitu dituzte, hala nola energiaren metabolismoarekin zerikusia duen gene bat, eta beste bat, garezurraren, lepauztaiaren eta bular-kaxaren garapenarekin lotuta dagoena.
Gainera, beste primate batzuekin ere alderatu dute neanderthalaren genoma, eta, alderaketa guztien emaitzekin, neanderthalek eta beste primateek ez dituzten eta gaur egungo gizakiak berezkoak dituen ezaugarri genetikoen katalogoa egin dute. Oraindik zirriborro bat baino ez da, baina ikertzaileek asmoa dute katalogoa osatzeko eta fintzeko; izan ere, baliagarria izango da ikusteko zerk bereizten dituen pertsonak gainerako organismoetatik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia