}

Neanderthal gizakiaren hortzari begira

2006/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Neanderthal gizakiaren hortzari begira
2006/01/01 | Elhuyar
Hortz baten irudia, mikroskopio elektronikoz hartua. Bereizten diren marra horizontalek esmaltearen hazkuntza adierazten dute.
Guatelli-Steinberg

Iaz ondorioztatu zuten Neanderthal gizakia azkar iristen zela heldutasunera. Guatelli-Steinberg ikertzailea, ordea, ez dago ados, eta hortz fosilduak aztertuta uste du Neanderthal gizakiaren haurtzaroa gaur egungoarena bezain luzea zela.

Neanderthal gizakia duela 28.000-150.000 urte bizi zen, eta gaur egungo gizakiak baino garun handiagoa zuen. Hominidoetan eta beste primateetan, garun handia izatea hazkuntza motelarekin lotzen da. Horregatik, iazko ikerketak harridura sortu zuen. Izan ere, Neanderthal gizakiaren hortzak gaur egungoarenak baino % 15 azkarrago hazten zirela adierazi zuten orduan. Hortzen hazkuntza gorputzaren hazkuntzaren adierazle gisa hartzen denez, ikertzaileek ondorioztatu zuten Neanderthal gizakia 15 urterekin iristen zela heldutasunera, gaur egungoa baino hiru urte lehenago, alegia.

Alabaina, Guatelli-Steinberg ikertzaileak ez du uste hori hala zenik. Esmalte-geruzei erreparatuta aztertzen da hortzen hazkuntza, hor ikusten baita nola hazten den hortza, zuhaitzen eraztunetan ikusten den bezalaxe. Guatelli-Steinbergek hainbat jatorritako hortzak aztertu ditu, eta ondorioztatu du Neanderthal gizakiaren hortzak gaur egungo Ingalaterrako edo Alaskako pertsonenak baino azkarrago hazten zirela, baina Hego Afrikakoenak baino motelago. Hori ikusita, ez du uste Neanderthal gizakiak haurtzaro laburra izan zuela pentsatzeko arrazoirik dagoenik.

Antza denez, ugaztun guztien artean, gizakia da hortzen hazkuntzan alde handiena duen espeziea, eta horrek zaildu egiten du ondorioak ateratzea.

Berriak labur
7
1
216
2006
1
016
Giza zientziak