Neanderthal gizakia eskulanetarako trebea zen
2003/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Neanderthal gizakiaren hatzen hezurrak aztertuta, eskulanetarako gaurko gizakia bezain trebea izateko ahalmena zuela ondorioztatu dute Kaliforniako Unibertsitatean.
Frantziako La Ferrasie-n aurkitutako fosilekin, hatz lodiaren eta erakuslearen eredu informatikoa egin dute ikertzaileek, eta OK keinua egiteko gai zela ikusi dute. Beraz, palentologo batzuek lehen uste zutenaren aurka, tresna finei heltzeko eta haiek erabiltzeko gai zen.
Ikerketa hori bat dator azken garaietako beste ikerketa batzuen emaitzekin. Izan ere, gero eta aditu gehiagok uste dute Neanderthal gizakia lehen pentsatzen zena baino trebeagoa zela. Alabaina, oraindik ez dakite zergatik ez zituen egiten garai berean bizi ziren lehenengo Homo sapiens-en mailako tresnak.
Hain zuzen, lehen gizaki modernoak gai ziren heldulekuak itsasteko harrizko xaflei. Horrekin alderatuta, Neanderthal gizakiaren tresnak primitiboagoak ziren. Baina ez dirudi eskuekin mugimendu finak egiteko gaitasunak mugatzen zituenik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia