Neandertal heldu baten toraxa birtualki berreraikita, ondorioztatu dute sapiensen toraxaren antzeko tamaina zuela, baina forma desberdina. Hori ikusita, ikertzaileek iradoki dute neandertalen arnasketa-mekanika ere zertxobait desberdina izango zela.
Neandertalen toraxaren tamaina eta forma eztabaidagai izan dira, duela 150 urte neandertalen lehen saihets-hezurrak topatu zirenetik. EHUko ikertzaile Asier Gómez-Olivenciak eta kideek aurkitu den toraxik osoena aztertu eta berreraiki dute; Kebarako (Israel) aztarnategiko Kebara 2 neandertal ar helduarena. Haren saihets-hezur eta ornoak eskaneatu eta 3D berreraiketa birtuala egin dute. Nature Communications aldizkarian eman dute egindako lanaren berri.
“Bizkarrezurrak saihets-hezurrekin duen finkapenak bizkarrezur egonkorragoa iradokitzen du. Horrekin batera, toraxa zabalagoa da beheko aldean”, azaldu du Mikel Arlegi EHUko ikertzaileak. Hala, diafragma ere zabalago izango litzatekeela ondorioztatu dute ikertzaileek, eta iradoki dute arnasketa sapiensetan baino lotuago egongo litzatekeela diafragmari, eta gutxiago kutxa torazikoaren hedapenari. Bestalde, kalkulatu dute arnasa hartzean bolumen handiagoa har zezaketela, toraxaren forma horri esker.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.