Neandertal arrak eta sapiens emeak

Argazkia: Johannes Krause/Kaprinako Neandertalen Museoa


Neandertalak eta gizaki modernoak hibridatu zirenean, gehien bat neandertal arrak sapiens emeekin hibridatu ziren. Ondorio horretara iritsi dira Pennsylvaniako Unibertsitateko ikertzaile batzuk, Science aldizkarian argitaratu duten azterketa batean.

Gaur egungo gizakietan neandertaletatik etorritako DNA ez dago homogeneoki banatuta genoman; esaterako, oso urria da X kromosomatan. Hori azaltzeko bi hipotesi proposatu izan dira. Batetik, baliteke X kromosomako aldaera neandertalak hautespen naturalagatik desagertu izana, abantailarik ekartzen ez zutelako. Bestetik, litekeena da neandertalen eta sapiensen arteko hibridazioetan sexu-alborapena egotea, eta X neandertal gutxiago pasatzea ondorengoetara.

Hori ebazteko, ikertzaileek alderantzizko gene-fluxua aztertu dute: sapiensetatik neandertaletara pasatako DNA. Eta ikusi dute hasierako hibridazioak gertatu ondoren, neandertalen X kromosometan sapiens jatorriko DNAren proportzioa % 62 handiagoa dela gainerako kromosometan baino. Horrek iradokitzen du gurutzaketak batez ere sapiens emeen eta neandertal arren artean gertatu zirela. Edonola ere, ikertzaileek aitortzen dute ezin direla baztertu bestelako sexu-alborapen demografikoak ere, hala nola migrazioetan egon zitekeena.

Egoitz Etxebeste Aduriz

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali