Naturaren ispilua
2001/04/25 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Balbulak milimetro eta erdi besterik ez du neurtzen eta indartzen ari den mikrofluidoen teknologiari bultzada handia eman diezaioke. Mikrofluidoekin lan egiten duten sistemak hainbat beharren baitan ari dira garatzen: ingurugiroaren eta auzitegi-zientziaren alorrean esku artean izaten diren lagin txikien analisi kimikoa egiteko, botikak modu kontrolatuan askatzen dituzten inplanteekin lan egiteko edo arazo matematikoak konpontzeko.
Balbula hidrogel batekin egin dute, biguna eta malgua delako, ehun naturala bezalakoa. Hidrogel horrek ura xurgatu eta askatu egiten du pHaren baitan. pHa alkalinoa denean, 8 baino handiagoa, ura xurgatu egiten du eta 8tik jaisten denean, ura askatu egiten du. Hau da, balbulan zehar igarotzen ari den fluidoa oso alkalino egiten denean, balbulak ura xurgatu, puztu eta bidea itxi egiten du. Basikotasuna jaistean, ura askatu eta bidea berriz libre utziko du.
Noranzko bakarreko fluxua lortzeko V itxurako diseinua erabili da. Kanalaren albo banatan barrera bat ipini dute: polimerozko euskarri bana eta bakoitzaren muturrean hidrogela. Puztutakoan muturrek elkar ukitu eta kanala ixten dute, baina fluxuaren presioa handia bada, barrerari bultza egin eta pasa daiteke aukeratutako noranzkoan. Alderantziz ordea, V-aren puntaren kontra egiten da presioa, muturrak gehiago elkartuz eta fluxua eragotziz. pHa azidoa denean, aldiz, fluxua bi noranzkoetan gerta daiteke.
Ohiko balbulek sentsore bat izaten dute noiz ireki eta noiz itxi behar duten jakiteko eta, alde horretatik, balbula berria interesgarria da, baina balbula mekanikoak ez bezala, hidrogelezkoak ez dira mementuan ixten. Hidrogelak minutu batzuk behar ditu guztiz puzteko. Konposizioa aldatuta puzte-abiadura handitzea espero dute ikertzaileek, aplikazio-esparru interesgarria baitute halako balbulek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia