Fisikaria zara, baina neurozientzian ari zara ikertzen. Zer da NanoNeuro ekimena?
Nik argia ikertu izan dut beti. Baina, duela urte batzuk, Rafael Yuste neurozientzialari ezaguna DIPCra bisitan etortzen hasi zen, eta harekin hizketan, gure ezagutza elkarrekin partekatzen hasi ginenean, ikusi genuen nik ikertzen nuena oso erabilgarria zela haientzat, neurozientzian. Eta elkarrekin lan egiten hasi ginen.
Erabaki genuen nanozientziak erabiliko genituela neurozientzietarako tresna berriak garatzeko. Hori da NanoNeuroren helburua: neuronak kitzikatzeko tresna berriak garatzea, nanopartikulak erabiliz. Eta neuronen aktibitatea irakurtzeko gaitasuna ere garatu nahi dugu, nanopartikulak erabiliz. Horregatik, "nano" (nanopartikulak) eta "neuro" (neurozientziak).
Nola egiten duzue hori?
Existitzen dira nanopartikula batzuk, nanopartikula plasmonikoak deitzen zaiena, non argia jasotzen dutenean eta partikula horiek kitzikatzen dituenean, partikula hauek lupak balira bezala funtzionatzen duten: argia biltzen dute, eta horren ondorioz, beroa sortzen da. Baina nanoeskalan. Beroa modu oso-oso kontzentratuan lortzen dute, oso toki txikian kontzentratuta.
«Puntu kuantikoekin, neurona batek seinale elektrikoa bidali duen edo ez jakiteko gai gara»
Zer lortzen duzue argi hori kontzentratuta?
Nanopartikula hauek eta beroa erabiliz, neurona bat aktibatzea lortzen dugu.
Baina beste partikula batzuk neuronen aktibitatea irakurtzeko erabiltzen ditugu. Partikula horiei puntu kuantikoak esaten diegu, eta horrelakoak diseinatzen eta garatzen ari gara. Oso propietate bereziak dituzte. Zergatik esaten dut hau? Floreszentzia sortu dezaketelako. Hau da, argia jaso eta gero beste kolore bateko argia igortzen dute. Igortzen duten argia inguruan hautematen dituzten eremu elektrikoen araberakoa da.
Beraz, nanopartikula hauek erabiltzen ari gara, igortzen duten argia neurtuz, haien ingurua nolakoa den determinatzeko. Garunaren kasuan, neurona batek seinale bat bidaltzen duenean, seinale elektriko bat sortzen du. Horrek neuronaren mintzean eremu elektriko oso potente bat sortzen du, hortik mintzean zehar hedatzen dena, seinalea garraiatzeko. Hor puntu kuantiko bat sartuta, neuronak seinale elektrikoa bidali duen edo ez jakiteko gai gara.
Eta horrekin zer lortu nahi duzue?
Alde batetik, argitu nahi dugu neuronak noiz pizten diren eta noiz ez. Beste alde batetik, neuronen seinaleak irakurtzeko gai izan nahi dugu. Zertarako? Alde batetik, ezagutza sortzeko helburu hutsez, eta, beste alde batetik, osasun-arazo ezberdinetan lagunduko duten tresna berriak garatzeko.
«Nanopartikulak erabiliz, neuronen aktibitatea irakurtzeko gaitasuna garatu nahi dugu»
Neuroingenieritza ez da zientzia fikzioa honezkero. Epe laburrean, aurrerapen handiak aurreikusten dituzte alor horretan?
Osasun arloan pertsona askoren bizitza hobetu dezake. Garunari modulatzen laguntzea da gakoa. Dena ondo aterako balitz, gaitasun berri hauek erabili nahiko genituzke, etorkizun batean, osasunaren inguruko aplikazio berriak garatzeko.
Eta hori guztia teknika ez-inbaditzaileekin, alegia, burua zabaldu gabe, ezta?
Hori da gustatuko litzaigukeena.
Nanopartikulak oso txikiak dira. Printzipioz, ikusi dugu burmuinaren barrura pasa daitezkeela. Eta hori ez da erraza. Eta frogatzen ari gara, teknika ezberdinak erabiliz, hori lor dezakegula. Odolaren bitartez eraman nahi ditugu nanopartikulak burmuinera.
Etorkizunari buruz ari naiz hitz egiten. Ez ezazu pentsa jada gizakiotan egiten ari garenik. Ez, oraingoz, laborategian ari gara lanean, animaliekin, eta in vitro deitzen ditugun teknikak erabiliz. Hau da, zelulekin, banan-banan edo multzo txikietan.
Baina, gutxienez, badakizue nondik jo behar duzun.
Hori da, baina zientzian garrantzitsua da ikuspegi osoa jartzea mahai gainean. Alegia, gauza bat da oinarrizko zientzia, guk egiten duguna, baina oso bestelakoa da epe luzeko proiekzioa. Urrutira begiratu behar da, bai, baina hemen gaudela jakinik.
Gizaki bionikoak existitzen dira?
Ez. Badira pertsonen mugikortasuna eta autonomia hobetzen laguntzen duten gailu eta protesi bionikoak. Baina zientziaren ikuspegitik ezin dugu esan horiek erabiltzen dituzten pertsonak gizaki bionikoak direnik.
Bionika sistema elektroniko eta mekanikoei ezagutza biologikoak aplikatzean datza, eta gorputzak galdutako funtzioak berreskuratzeko helburua du. Transhumanismoa harago doa. Gizakia hobetzeko helburua duen mugimendu filosofiko eta kulturala da, eta, horretarako, teknologia erabiltzearen alde egiten du. Besteak beste, bionika, adimen artifiziala eta nanoteknologia.
Lepht Anonym, biohacker britainiarrak, esaterako, 50 txip eta gailu baino gehiago inplantatu ditu bere gorputzean. Hala eta guztiz ere, momentuz, ez du 80ko hamarkadan ETBn ezagutu genuen emakume bionikoaren antzik.
Neuronak manipulatzeaz ari gara. Baina beldur pixka bat ematen du zer lortu daitekeen imajinatzeak. Askok pentsatuko dute helburu ez hain onak lortzeko ere erabili daitekeela.
Oinarrizko zientzialariak gehientsuenetan fidatzeko pertsonak garela esango nuke. Gure anbizioak oso platonikoak dira, ezagutza eta horrelako gauzak. Baina enpresa pribatuak ere badaude kontzeptu hauen atzetik. Oso famatua da Neuralink enpresa, adibidez, Elon Musken enpresa, eta haiek ere defendatzen dute pertsonak laguntzeko garatzen dituztela proiektu hauek. Jakizu!
Ikerketa-alor honek behar ditu muga etikoak, ezta?
Bai, teknologia hauen garapena ikusita, Rafael Yuste eta beste hainbat zientzialari hasi ziren neuroeskubideen inguruko ekimen bat garatzen, orain dela urte batzuk. Eta ekimen honek justu puntu hori azpimarratzen du, arrisku horien aurrean muga batzuk jarri behar direla.
Oinarrizko giza eskubideei bost eskubide berri gehitu nahi izan zizkieten, gizaki-teknologia horien garapenari muga batzuk jarrita. Muga etiko garbi bat.
Zer doa bizkorrago, teknologia bera ala horri dagozkion neuroeskubideak bermatzea?
Nire ustez, askoz ere azkarrago doa teknologia. Eta ez zientzia fikzioa diruditen gai hauen inguruan bakarrik, baizik eta egun erabiltzen ditugun teknologia askotan ere bai. Askoz ere azkarrago doa teknologia gure eskubideen babesa baino. Arautu behar dira.
Teknika hauen potentziala aipatu duzu, neuronak nahieran aktibatzeko eta inaktibatzeko gai izatea. Nora eraman gaitzakete tresna horiek?
Nik ikusi nahiko nuke burmuinarekin zerikusia daukaten gaixotasunen aurrean terapia berriak sortzeko aukera ematen dutela. Hori da nire ametsa.
Bego Zubia Gallastegi
Elhuyar Zientzia







