}

Nanohodi garbitzaileak, nanohodi merkeak

2001/03/12 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Material berrien arloan duela urte batzuk azaldutako fulerenoei aplikazio ugari esleitu zaizkie. Gainera, aplikazio horiek gero eta zehatzagoak dira. Bi faktorek laguntzen dute bide berri hori jorratzen. Alde batetik, zientzialarien asmamena bera originaltasun handikoa da, molekula horiek ezusteko esparruetan izan ditzaketen erabilera berriak etengabe asmatzen ari direlako. Beste aldetik, fulerenoak eta nanohodiak sintetizatzeko metodo merkeagoak garatzen ari dira.

Fulerenoak karbonoz osatutako baloi-itxurako molekulak dira. Material berberari zilindro-itxura ematen zaionean, nanohodiak sortzen dira. Beste hainbat material erabil daitezke nanohodiak egiteko. Molekula horiek guztiak kaiolarena egiteko ahalmena dute eta, ondorioz, asmatu zaizkien aplikazioak barruan harrapa dezaketenaren araberakoak dira.

Nature aldizkariaren web gunean, industriaren mundua oso interesgarri suerta daitekeen aplikazioaren berri eman da aste honetan. Michigango Unibertsitateko Richard Long eta Ralph Yang zientzialariek nanohodiek dioxinak garbi ditzaketela adierazi dute. Dioxinak poluitzaile arriskutsuak dira. Batzuk minbizia sortzen dute eta beste batzuk eragin handiak izaten dituzte hormona- eta immunologia-sistemetan. Herrialde gehienetan dioxina-ekoizpenari muga zorrotzak ezarri dizkiote, baina ingurugiroa zaintzeko ez da nahikoa izaten.

Nanohodiek gasak pasatzen uzteko tamainako zuloak dituzte. Grafito porotsu bezala joka dezake. Gasa nahodietatik pasaraziz gero, dioxina-molekulak trabatuta geldituko lirateke eta isuritako gasak garbiak izango lirateke. Industrian erabili ahal izateko, ordea, nanohodiak merke egiteko bidea aurkitu beharko da.

Eroale nanoskopikoak

Nanohodiak eroale elektrikoak dira eta oso material sendoa osatzen dute. Horregatik, zer tamainakoak diren kontuan hartuta, zientzialariek txipetako kableak egiteko material egokia zela pentsatu zuten.

Nanohodiak egiteko ohiko metodoa karbonozko bi elektrodoren artean korronte elektrikoa sortzea da. Oso metodo eraginkorra da, baina sortutako molekulak leku egokietara eramateko zailtasun handiak izaten dira. Irtenbidea txiparen barruan zuzenean nanohodia sortzea izango litzateke.

Jakina da erdieroale-geruza lau bat beheko euskarritik askatzea lortzen bada, bere kabuz biribiltzen dela. Stuttgarteko Max Planck Institutuko Oliver Schmidt eta Karl Eberl fisikariek efektu hori nanohodiak egiteko erabil daitekeela konturatu ziren. Zenbait konposatu kimikoren bitartez, erdieroale baten azpiko geruza aska daiteke eta goiko geruzak nanohodia sor dezake. Gainera, geruzaren osagaiak aldatuz, hodiaren diametroa kontrola daiteke. Zientzialariak harrituta geratu ziren, hain ideia sinplea izanik, lehenago beste norbaiti bururatu ez zitzaiolako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia