}

Nano marroiak: huts egindako izarrak edo huts egindako planetak?

2001/11/15 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Beste hainbat alorretan gertatzen den bezala, espazioko gorputzak sailkatzea ez da beti erraza izaten. Nano marroiak sailkatzen zailak diren horietakoak dira. Lehenengoa 1995. urtean atzeman zen, eta astronomoen urtetako susmoa baieztatu zuen, hots, espazioan bazeudela izarren eta planeten tartekoak ziren gorputzak.

Huts egindako izarrak

1995. urtean atzemandako gorputzak nano marroi izena jaso zuen eta ‘huts egindako izar’ goitizena. Izan ere, masa txikiegia zuelako izar izatera iritsi ez zen gorpuztzat hartu zen. Hau da, izarrek egiten duten moduan hasi zen formatzen, baina prozesua erdibidean gelditu zen. Izarrak gasezko hodeietan sortzen dira, grabitate-indarraren eraginez gasa uzkurtzen denean. Horrela, biraka ibiliko den gasezko esfera bat sortzen da, hodeian dagoen gasarekin elikatuko dena. Izarraren tamaina eta grabitate-indarra handitu ahala, esferaren erdialdeko presioak gora egingo du eta, une batean, erreakzio nuklearrak hasiko dira gertatzen. Hitz bitan, izar bat jaioko da.

Nano marroietan, berriz, erreakzio nuklearrak ez dira inoiz gertatzen, esferaren nukleoa behar adina uzkurtzeko masarik ez dutelako. Gutxienez Eguzkiaren masaren % 8 izatea beharrezkoa da erreakzio nuklearrak gertatzeko, eta nano marroiek masa txikiagoa dute. Huts egindako izarrak dira.

Huts egindako planetak

Baina zientzian askotan gertatzen den legez, teoria biribil horrek ez zuen luzaroan iraun. Nano marroi gehiago aurkitu ziren, masa guztietakoak, eta huts egindako izarrak baino planeta erraldoiak ez ote ziren hasi ziren susmatzen. Planetak izarren inguruan sortzen dira, eta haien esferako materialarekin elikatu. Horregatik, normalean planetek izarren inguruan biratzen dute. Nano marroiek, aldiz, libre flotatzen dute espazioan. Dena dela, grabitazio-elkarrekintzak medio, planetak sorrera-sistemetatik kanporatzea gerta daiteke. Hortik abiatuta, nano marroiak formazioaren hastapenetan euren jatorrizko sistemetatik kanporatutako planeta erraldoiak izan zitezkeela proposatu zen.

Eztabaida ez da oraindik argitu eta, gainera, posible da bi teoriak egiazkoak izatea. Hau da, masa txikieneko nano marroiak planeta bezala eta masa handienekoak izar bezala jaio izana. Italiako astronomo batzuek ISO teleskopioa erabili dute misterioa argitzeko. Nano marroiak aztertzea ez da erraza, ez baitute argirik igortzen, baina ISO teleskopioaren tresnei esker ikerketak egin ahal izan dira.

ISOren argibideak

Ikerketak nano marroiak behatu eta inguruan gasezko diskorik baduten ala ez duten atzematean zetzan. Italiarrek hiru nano marroi aztertu zituzten eta izar gisa formatu zirela ondorioztatu zuten. Gero, nano horien masa Eguzkiaren masaren % 4-9 artean dagoela ondorioztatu ahal izan da. Aurkikuntza horrek nano marroiak huts egindako izarrak direla dioen teoria indartzen du, baina ez du bestea gezurtatzen. Orain masa txikienekoak aztertu nahi dituzte, haiek ere diskorik ba duten ikusteko. Baina hori hurrengo teleskopio belaunaldia espazioratzen denean izango da. Bitartean, ikerketetarako egokienak izan daitezkeen nano marroien aukeraketa egiten ari dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia