}

Nandrolonaren doping-aren inguruko zalantzak argituko dituen testa

2002/04/26 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Nandrolona substantzia artifizialarekin dopatzeaz akusatutako kirolariek beren inozentzia frogatu ahal izateko test bat diseinatu dute.

Goi-mailako kirolariek errendimendu-maila hobetzeko helburuarekin hartzen dituzte hormonak. Merkatuan hainbat hormona daude, baina muskuluak sendotu, handitu eta indarra areagotzeko esteroide anabolikoak dira erabilienak. Hormona horiek, gizonezkoen barrabiletan eta, kantitate txikiagoan, emakumezkoen obuluetan ekoizten den testosteronaren antzekoak dira.

Baina hormona horiek desiragarriak ez diren ondorioak ere badituzte, besteak beste, ahotsa loditzea, ilea ugaritzea… Ondorio horiek emakumezkoengan nabarmentzen dira gehienbat. Hori dela eta, azken urteetan, bestelako substantzia batzuk erabiltzen hasi dira; horien artean nandrolona.

Zer da nandrolona?

Nandrolona testosteronatik deribatutako substantzia artifizial bat da. Kaltzioaren metabolismoan eragiten duenez osteoporosia duten gaixoei ematen zaie, eta batzuetan baita bularreko minbiziari aurre egiteko tratamendua jarraitzen ari direnei ere.

Kirolariek muskuluen tamaina handitzeko eta indartzeko, artikulazioetako mina arintzeko eta entrenamenduetako mikrotraumatismoak sendatzen laguntzeko hartzen dute.

Nandrolonak 19-norandrosterona (19-NA) sortzen du gorputzean eta, hain zuzen, substantzia horixe da goi-mailako kirolariei egiten zaizkien gernu-analisietan neurtzen dena. Baina substantzia hori estrogenoa hormonaren albo-produktu bat ere bada eta, beraz, gorputzak era naturalean ere sortzen du. Emazteek gizonezkoek baino estrogeno gehiago ekoizten dutenez, 19-NA gehiago ere izan ohi dute.

Orain arteko testetan ezinezkoa zen 19-NAren jatorria definitzea. Horrela, Nazioarteko Batzorde Olinpikoak (NBO) definitutako maila batzuetatik gora kirolariak positibo ematen du, eta ezinezko zaio kontrakorik frogatzea.

Gizonezkoetan gehienez 2 nanogramo/ml onartzen dira eta emakumezkoetan 5 ng/ml. Adituen arabera, neurri horiek gorputzak ekoizten duen kantitatetik oso hurbil daude eta, ondorioz, positibo ematen duten kirolari gehienak emaitzen aurka agertzen dira.

19-NAren jatorria definitzen duen testa

Aurrerantzean, nandrolonaren testean positibo eman duten kirolariek ez direla dopatu frogatzeko aukera izango dute Nanteseko Albaitaritza Eskola Nazionalean prestatutako test berriari esker. Ikertzaileek ikusi dutenez, jatorri artifizialeko eta jatorri naturaleko 19-NA molekula desberdinei lotzen zaie, eta test berria desberdintasun horretaz baliatzen da jatorria definitzeko.

Bruno Le Bizec-en arabera, gaur egungo testak ez dira beti aski zehatzak izaten eta dopatu gabeko kirolariek ere positibo eman dezakete. Hori adierazteko, 1998 eta 2000 urte-bitartean egindako ikerketa baten emaitzan oinarritzen da Le Bizec. Bi urte horietan 40 futbolari frantsesen 385 gernu-lagin aztertu zituzten. Emaitza: 19-NA naturalaren maila 1,8tik gorakoa zen.

Era naturalean sortutako 19-NA eta dopatzean sortutakoa bereizteko, nandrolona hartutako kirolarien eta nandrolonarik hartu gabekoen gernu-laginak aztertu eta alderatu zituzten; baita ondorio interesgarriak atera ere.

Ikusi denez, nandrolona hartu zuten kirolarietan 19-NAaren % 30 sulfatoari lotua dago. Aldiz, 19-NA natural guztia glukosaren deribatu bati lotua egoten da. Jatorria ezagutzeko, beraz, nahikoa da 19-NA zein molekulari lotuta dagoen ikustea.

Le Bizec-en arabera, nandrolona-maila onargarria oso gutxigatik gainditzen denean izango da benetan erabilgarri test hori. Baina Nazioarteko Batzorde Olinpikoko kideen artean eztabaida sortu da testen prezioa garestitu egingo baita.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia