}

Nahikoa berde eta agortezina

1999/09/01 Pearce, Fred Iturria: Elhuyar aldizkaria

“Petrolio-aroaren gailurrean gaude, baina, aldi berean hidrogeno-aroaren hastapenetan. Beste edozer tarteko konponbidea izango da. Trantsizioa nahasia izango da eta bidezidor
teknologiko asko probatuko dira, baina etorkizuna hidrogenozko energi zelulena izango da”.
Joan den martxoan Damlier-Chryslerrek automobil elektrikoen laugarren prototipoa aurkeztu zuen, NECAR-4 izenekoa.
Daimler-Chrysler

Europan biztanle gutxien duen eta aldi berean hotzenetakoa den herrian, energi iraultza sortzear dago. Hogei urteren buruan Islandiak erregai fosilak utzi eta hidrogenoaren ekonomian abiatuko den lehen estatua izan nahi du.
Bere baliabiderik ugariena, ura hain justu, izango da horren guztiaren oinarria. Energi adituen arabera, estrategia horrek bihur ditzake estatu horretako 270.000 biztanleak XXI. Mendearen erdialdean munduko energi jeke. Estrategia hori mundu osoan ezarriko balitz, beroketa globala eragotziko litzateke.

Hidrogenoak ibilgailuei ez ezik beste gauza askori ere eman diezaioke energia. Norks Hydro konpainia 2 bilioi dolar erabiliko dituen hidrogenozko bi zentral termoelektriko Norvegian erikitzeko posibilitatea aztertzen ari da.
Daimler-Chrysler

Dagoeneko, Islandiak energia fosilak bazter uzteko bidea egin du. Bertako energia elektrikoak jatorri hidroelektrikoa du nagusiki eta energia geotermikoa erabiltzen dute eraikinak berotzeko. Orain, garraio-sistema gura dute petrolioaren morrontzatik jaregin. Hidrogenoa izango da energi iturri berria. Ur-molekukak zatikatuz lortuko da, horretarako energia hidroelektrikoa ugari erabiliko delarik. Hidrogenoa likidotu egingo da eta energi zelulei erantsita automobil, autobus, kamioi eta arrantzontzi elektrikoak higiaraziko ditu. Urte batzuen buruan, Islandiako hidrogenoa mundu osoko 'gasolindegietan' salduko da.


Otsailean eman zitzaion hasiera prozesuari. Energi zeluletan mundu-mailan puntan dabiltzan enpresek eta Islandiako gobernuak kontratu bat sinatu zuten estatu-mailako esperimentua egiteko. Hauetxe dira partaideak: Daimler-Chrysler automobil-fabrikatzailea, ibilgailuaren prototipoa egingo duena; Shell petrolio-konpainia, hidrogenoa zerbitzeko atzen urtarrilean lehen estazioa Hamburg-en zabaldu duena; Norks Hydro, Norvegiako enpresa hidroelektrikoa, eta energi zelulen diseinatzaile den Ballard Power System Kanadako Vancouverrekoa.

Protoi-trukaketarako mintza ezinbestekoa da erregai-zelulan. Berak katalizatzen du hidrogenoaren apurketa, protoi (+)ak eta elektroi (-)ak sortzeko. Protoiek, oxigenoarekin elkartu eta ura sortuko du, elektroiek bertan dirauten bitartean. Bi elektrodoen arteko voltaia diferentzia kanpoko energia-zirkuituetan erabil daiteke. (Daimler-Chrysler).

Aurreikusitakoaren arabera, Daimler-Chryslerren energi zelulazko autobusak, oraintxe Chicagon eta Vancouverren probatzen ari direnak, Reykjavik-en ibiliko dira aurki. 'Hidrogenoz ibiliko diren lehen autobusak hilabete gutxiren buruan izango dira gure kaleetan' dio Hjalmar Arnason-ek, Islandiako parlamentuko kide eta Islandiako Hidrogeno Batzordearen buruak. Batzorde hau gobernuak eta Islandiako enpresek eratu dute. Hurrengo urratsa arrantzontziak energi zelulaz hornitzea da eta, azkenik, kamioi eta automobilak hornitzea.

Arnalson-en esanetan, hemezortzi hilabete barru lehen hidrogeno-arrantzontziak lanean izango lituzkete: 'Baikorra naiz, apika, baina 15 urteren buruan arrantzontzi guztiak transformatuta egongo direla iguriki dut'. Iaz, Islandiako gobernuak 15-20 urte barru erregai fosilak utzi eta hidrogenozko ekonomia antolazeko plana diseinatu zuen.

Hidrogenozko energi zeluletatiko energia aspalditik ari da bide egiten. Lehen urratsak 1839an egin zituen William Grove fisikari galestarrak platinozko elektrodoak dituen zelulan oxigenoa eta hidrogenoa elkartuta elektrizitatea sortzen dela erakutsita. Lehen energi zelula praktikoak estatubatuarren espazio-programan garatu ziren. Energi zelula modernoan platinozko elektrodoak elektroiak kentzen dizkio hidrogenoari. Eratzen den hidrogeno ioiak elektrolitoan zehar beste elektrodoraino joaten dira. Elektroiak kanpo-zirkuituan harrapatzen dira eta hidrogeno ioiekin eta oxigenoarekin konbinatuz ura eta elektrizitatea sortzen dute.

Daimler-Chrysler

Energi zelulak erabiltzen dituzten ibilgailuak ez dute apenas zaratarik ateratzen eta, gainera, ez dituzte erregai fosilak usatzean agertzen diren poluitzaileak eratzen: nitrogeno-oxidoak eta karbono(IV) oxidoa, hain justu. Ihesbideari ur-lurrina baino ez dario. Teknologia honen arazo nagusiak hauek dira: kostua, hidrogeno likidoa seguru gordetzeko zailtasuna eta ibilbide aski luzeak egiteko ibilgailuak behar adina hidrogeno gorde ahal izatea. Hala ere, emisio-kontrolak zorrotzagoak diren heinean, energi zelulak gero eta erakargarriagoak izango dira.


Washingtongo Worldwatch Institute-ko Christopher Flavin energi adituak dioenez, energi zelulek energi hornikuntza irauli egingo dute. Alabaina, ohar bat ere egiten du: 'Lanik handiena hidrogenoa garraiatzeko eta gordetzeko sistema garatzea izango da'.


Energi zelulen bidez dabiltzan autobusak eta taxiak probatu dira dagoeneko. Bestetik, automobilek hidrogenoa gordetzeko espazio-arazoak dituztenez, diseinatzen gaitzagoak dira. Joan den martxoan Damlier-Chryslerrek automobil elektrikoen laugarren prototipoa aurkeztu zuen, NECAR-4 izenekoa. Bost eserlekuko Mercedesean oinarrituta dago eta 400 km egin ditzake erregai-andela berriz bete gabe.


Hidrogenoa gordetzea zaila da. Beraz, honen aurreko prototipoak, NECAR-3 izenekoak, metanola zeraman erregai moduan eta bertan zegoen erreformagailu baten bidez metanolak hidrogenoa sortzen zuen. Shell-ek garatutako teknologia hibrido honek metanola disoziatu egiten du hidrogenoa eta karbono(IV) oxidoa emateko.


Beste petrolio-konpainia handi asko bezala, Shell produktu berriak bilatzen ari da, bi arrazoi nagusi direla kausa: berotegi gasen emisioa murriztu beharra eta dauden petrolio-erreserbak urritzen aritzea. Metanolaren teknologia hidrogeno-energiaranzko bidean urrats moduan ikusten du Shellek.


'Shellek hidrogenoa epe luzean etorkizuneko erregaia izango dela uste du' dio Herman Kuipers-ek Shelleko ikerketa-atal baten buruak. 'Petrolio-aroaren gailurrean gaude, baina, aldi berean, hidrogeno-aroaren hastapenetan.Beste edozer tarteko konponbidea izango da. Trantsizioa nahasia izango da eta bidezidor teknologiko asko probatuko dira (erregai fosilak eta metanola hidrogeno bihurtzea, motore hibridoak egitea, etab.), baina etorkizuna hidrogenozko energi zelulena izango da'.

Alemaniako Greenpeacek oraindik orain esan duenez, Islandiako proiektua 'trikimailu publizitarioa' da.
Daimler-Chrysler

Daimler-Chryslerreko Ferdinand Panik energi zeluletarako ataleko buruaren arabera, aurtengo urtearen bukaeran erabakiko da NECAR-3 edo -4aren masa-produkzioa abiatzen denentz. Konpainia bereko zuzendaritzako kide den Jürgen Schrempp-en esanetan urte honen bukaeran baiezkoa erabakiko da eta 2004. urterako 40.000 ibilgailu fabrikatuko dira urtero. Beste automobil-konpainiek ez dute atzean gelditu nahi. Asko Ballard-ekin ari dira elkarlanean. 'Enpresek diztuzten pizgarriak horren handiak dira, ezen, nire aburuz, arazo teknikoak konpondu egingo diren' dio Kuipers-ek

Hidrogenoak ibilgailuei ez ezik beste gauza askori ere eman diezaioke energia. Norks Hydro honakoa aztertzen ari da: 2 bilioi dolar erabiliko dituen hidrogenozko bi zentral termoelektriko Norvegian eraikitzea. Enpresak Ipar Itsasoko metanotik lortu nahi du hidrogenoa. Prozesuan sortutako karbono(IV) oxidoa lurrean injektatuko litzateke bertan pilatzeko.

Aurreikusitakoaren arabera, Daimler-Chryslerren energi zelulazko autobusak, oraintxe Chicagon eta Vancouverren probatzen ari direnak, Reykjavik-en ibiliko dira aurki.
Daimler-Chrysler

Bien bitartean, Islandia oso toki egokia da hidrogeno-ekonomia probatzeko. Irla txiki eta aberatsa izanik eta bere ibilgailu-flotak besteekiko harreman fisikorik ez izanik, beste edozein herri baino egoera egokiagoan dago hidrogenoaren bidean abiatzeko. Halaber, erregaia ekologikoki ekoizteko eta, ostean, esportatzeko ere parada egokian dago.


Ura disoziatzeko energia iturri egokitik etor daiteke. Alabaina, petrolioa edo ikatza erabiltzea ez litzateke bidezkoa izango, horiekiko menpekotasuna saihestuko ez litzatekeelako. Energia berriztagarriak erabiltzea da egokiena eta Islandiak ugari ditu. Herri euritsua da eta korronte handiko ibaiak eta errekak ditu. Egun, bere ahalmen hidroelektrikoaren hamarrena baino ez du baliatzen. 'Islandiako bidea exenplu aitzindaria izan liteke ekonomia jasangarrian eta industri garapenean' dio Panik-ek.


Ez dira ekologista guztiak hidrogeno-ekonomiarekin horren ados. Batzuek irtenbiderik gabeko bide teknologikotzat jotzen dute. Izan ere, energia asko behar da hidrogenoa produzitzeko eta gordetzeko. Alemaniako Greenpeacek oraindik orain esan duenez, Islandiako proiektua 'trikimailu publizitarioa' da.

Daimler-Chrysler

Britainia Handian, aitzitik, jarrera positiboagoak daude.Lurraren Lagunak erakundeko Tony Juniper-en hitzetan'Hidrogenoaren erakargarritasun handiena hirietako airearen kalitate-arazoa konpontzen laguntzea da'.Aldaketa klimatikoa konpontzen lagunduko ote duen, hidrogenoa lortzeko bidearen araberakoa izango dela dio. 'Energia berriztagarriak usatuz egiten bada, orduan izango da benetan erakargarria'.


Hidrogenoa urruneko tokietatik, Arktikoko ibaietatik adibidez, energi eskari handia dagoen tokietaraino ekartzeko modu boteretsua izan daiteke, benetan. Antza, erregai-andela Golkoko gasolinaz bete ordez Islandiak hidrogenoz beteko digun eguna ez dago guk uste bezain urrun.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia