}

Nahi gabe eta batera

2002/02/26 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Lagun batekin paseatzera joan eta nahi gabe pausoa berdintzen zaigu. Erritmo desberdinean txaloka hasi eta guztiok batera amaitzen dugu. Sinkronizazioa fenomeno bitxi eta aldi berean arrunta da. Material supereroaleen partikuletan eta planeten sateliteen orbitetan ere gertatzen da; epilepsia-krisiak neuronak sinkronizatzen direnean gertatzen direla uste da eta fruta-euliek, gaua igaro ahala, batera dir-dir egiten dute. Hala ere, berezko sinkronizazioa zergatik eta nola gertatzen den ez dago batere argi.

Adibidez, Christian Huygens fisikari alemaniarrak duela 300 urte behatu zuen nola elkarren ondoan ipinitako bi pendulu sinkronizatu egiten ziren. Eta gaur arte ez da jakin fenomenoa azaltzen.

Huygens-ek itsasontzietan longitudea neurtzko modua asmatu nahian atzeman zuen fenomenoa. Orduan, marinelek arazo larriak izaten zituzten non zeuden zehazki jakiteko. Izan ere, ordu lokala eguzkiaz baliatuz kalkula bazezaketen ere, longitudea kalkulatzeko erreferentzia-puntu bateko ordua behar zuten. Horrela, bi puntuetako ordua jakinda eta 15 graduz behin ordubete galdu edo irabazten zutela jakinda, longitudea zehatz kalkula zezaketen. Garai hartan ez zegoen, ordea, itsasoan denbora zehatz neurtzen zuen ordularirik eta, beraz, itsasoratutakoan itsasontziko ordularia erreferentzia-puntuarekin sinkronizatzeak ez zuen ezertarako balio.

Huygens-ek diseinatutako ordularia bikoitza zen. Egitura beraren barruan bi pendulu zeuzkan, bata hondatuz gero bigarrenarekin lan egin ahal izateko. Eta itsasontzietan eramateko zenez, 40 kilogramo berun gehitu zizkion lasta gisa. Gaixo zegoela, bere asmakizunari begira ordu asko pasatu zituen eta sistema martxan jarri eta ordu erdira penduluak sinkronizatu egiten zirela behatu zuen: bata bestearen ispilu-irudi gisa higitzen hasten ziren. Sinkronizazioa beti gertatzen zen, berdin zuen pendulu bakoitza zein posiziotatik abiatu. Huygens-ek uste zuen sinkronizazioa ordulariaren euskarrian gertatzen ziren mugimendu txikiek eragiten zutela, baina ezin izan zuen frogatu.

Orain, Georgiako Teknologia Institutuko ikertzaileek ordularia berreraiki eta azalpena aurkitu dute. Pendulu bakoitzak energia-zati bat euskarriari transmititzen diola ikusi dute eta energia horretatik zati bat beste pendulura ailegatzen dela. Energia-trukearen ondorioz, azkenerako sinkronizatu egiten dira.

Baina sinkronizazioa ez da beti gertatzen. Penduluen oszilazio-abiadura ia berdina denean eta masa handiko euskarria dutenean bakarrik gertatzen da. Halabeharrez, Huygens-ek ordulariak bi baldintza horiek betetzen zituen. Georgiako ikertzaileen ustez, Huygens-ek ordulariaren zehaztasun handiari esker ikusi ahal izan zuen fenomenoa.

Aspaldiko misterio bat argitzeaz gain, azalpen horiek baliagarriak izan daitezke sinkronizazioa noiz eta nola gerta daitekeen aurreikusi nahi izaten duten ingeniariei laguntzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia