Muturreko biak
2007/12/12 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Agenda horietan guztietan helburu argi(samar) eta bateratu(samar) bat komunikatu dute: berotegi-gasen isurketak murriztu egin behar ditugu. Hortik aurrerakoan, ordea, -hau da, helburuaren zenbaterainokoan, eta hara iristeko estrategia, bide eta epeetan-, mezua ez da, ez argia eta ez bateratua. Energia berriztagarriak garatu, energia-kontsumoa gutxitu, energia-sistemen eraginkortasuna handitu, berariazko zergak ezarri, gizarte-eredua aldatu... horiek guztiak eta gehiago daude mahai gainean. Horiekin batera, bi hauek ere bai: energia nuklearra eta ikatza. Bata eta bestea, oso arrazoi desberdinengatik, protagonismoa hartzen ari dira argi ez dauden eta bateratasunik sortzen ez duten estrategia horien artean.
Berotegi-efektuan duten eraginari begiratuz gero, katearen mutur banatan kokatu behar ditugu energia nuklearra eta ikatza. Hain zuzen, lehenengoak hori du alde, ez duela berotegi efektua areagotzen, zentral nuklearrek ez dutelako karbono dioxidorik isurtzen atmosfera. Eta klima-aldaketarekiko sentikortasuna handitu den garaian, ezaugarri hori ezin hobeki etorri zaio gainbehera zegoen sektore nuklearrari. Munduko Energia Nuklearraren Elkartearen datuen arabera, azken 20 urteetan ez da apenas aldatu elektrizitate-ekoizpen guztiarekiko nuklearrak egiten duen ekarpena (% 16-18), eta, joera, goranzkoa baino gehiago, beheranzkoa izan da. Europan eta Estatu Batuetan ez da aspaldian zentral berririk eraiki, eta, gizartearen gaitzespenaren aurrean, bazirudien garatzeko bideak itxita zeuzkala industria nuklearrak. Orain, ordea, klima-aldaketaren aurkako argudio berdeekin jantzita, zentral nuklear berriak eraikitzea aintzat hartzeko moduko aukera bilakatu da . Haien aldekoek diote seguruak direla, hondakin nuklearren auzia lurpean geologikoki egonkorrak diren biltegietan gordeta konpontzen dela (nahiz eta oraindik ez den bat bera ere eraiki) eta, arriskutsuak izan arren, arriskutsuagoa eta kontrolatzen zailagoa dela klimaren aldaketa.
Katearen beste muturreko energia-iturriarekin justu kontrakoa gertatzen da: hura aukera gisa defendatzeko argudio berderik ezin da oraindik erabili. Alderantziz: elektrizitatearen ekoizpenari dagokionez, ikatza erabiltzen duten zentralak dira karbono dioxidoa isurtzen txapeldunak.
Eta, hala ere, energia nuklearraren sektoreak baino askoz ere bilakaera oparoagoa izan du azken hamarkadetan: ikatzaren ekoizpena ia bikoiztu egin da azken 25 urteetan, eta, gaur egun, munduan sortzen den elektrizitatearen % 40 ikatza erretzen duten zentralen bidez lortzen da. Etorkizunera begira ere , hazten segitzeko aukera onak dituela dirudi, petrolioa baino ia hiru bider urte gehiagorako ikatza dagoelako, besteak beste. Ikatzaren industriak badaki hori, eta azkeneko urteetan ahalegin handia egiten ari da, batetik, ikatzaren teknologien eraginkortasuna handitzeko, eta, bestetik, hura erretzean askatzen den karbono dioxidoa harrapatu eta atmosferara ez isurtzeko. Oraindik ez dute lortu eskala handian lehiakortasunez aplikatzea, merkeagoa delako karbono dioxidoa isurtzea hura harrapatzea baino, baina berotegi-gasen isurien araudiak sortu, zehaztu eta aplikatu ahala, lehiakortasun-faktoreak aldatu egingo dira.
Energia-eredua berritzeko estrategien artean zein indartuko den ikusteko dago, baina ez dirudi asko itxaron beharko dugunik muturreko biekin zer gertatuko den jakiteko. Haiek, behintzat, abaguneaz baliatzeko prest daude.
Berria -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia