Muskuilu-maskorrak, bakeroak higatzeko

Juan Luis Osa Amilibia eta Cristina Peña Rodriguez, EHUko ikertzaileak. - Arg: Gorka Estrada


Muskuiluen maskorrak bakeroak higatzeko material egokia eta jasangarria dela aurkitu dute EHUko ikertzaile batzuek. Muskuiluen maskorrak txikituz lortzen den hondarrak ehungintzaren industriak erabiltzen dituen beste material batzuek baino ezaugarri urratzaile hobeak dituela antzeman dute. Gainera, jasangarriagoa ere bada, hondakin bat lehengai bihurtzen baitu.

Oihal bakeroaren itxura higatua lortzeko erabiltzen diren ohiko tratamenduek hainbat eragozpen dituzte. Tradizionalki, silize-hondarra oihalaren kontra presio handiz jaurtiz higatzen zen ehun bakeroa. Baina teknika hura erabiltzen zuten langileek, segurtasun-neurri eta babes desegokiak erabiltzearen ondorioz, silikosia garatu zuten. Hala, ospe txarra hartu zuen hondar-zurrustan oinarritutako teknikak, eta ehungintzaren industriak alboratu egin zuen. Horren ordez, beste metodo batzuk erabiltzen hasi zen. Adibidez, tratamendu kimiko oxidatzaileak edo laser bidezko tratamendu termikoak. Aldiz, ikusi da horiek toxikoagoak izan daitezkeela eta ez dituztela higadura-emaitza hain onak lortzen.

«Oskolak ehotuta sortutako hondarra erabili zuten bakeroaren kontra presioz jaurtitzeko, eta ikusi dute oso emaitza onak ematen dituela»

Gauzak horrela, ehungintza-enpresa handi bat teknika jasangarri bat bilatzen ari zen. Kontuan hartuta hondar-zurrustaren teknikak babes egokiarekin langileei ez diela zertan gaixotasunik eragin, teknika hori berraztertu nahi zuten, baina material jasangarriagoren bat erabiliz; alegia, urratzaile gisa erabili ohi den granatea (silikatozko minerala) baino jasangarriagoa. Ehungintza-enpresak berak iradokita, EHUko Materialak eta Teknologiak ikerketa-taldean muskuiluen maskorrekin probak egiten hasi ziren . Zehazki, elikaduraren industriak baztertzen dituen oskolekin. Oskolak ehotuta sortutako hondarra erabili zuten bakeroaren kontra presioz jaurtitzeko, granate-hondarrarekin egiten den bezalaxe. Eta ikusi dute oso emaitza onak ematen dituela, granateak baino hobeak.

Ondorioztatu dute muskuiluen maskorren hondarrak silikatozko mineralak baino hauskortasun txikiagoa duela eta, ondorioz, errendimendu hobea duela. Bakero kopuru bera higatzeko muskuiluen oskol-hondar gutxiago behar da granatearena baino. Gainera, baieztatu dute muskuiluen oskolen harea proiektatuz lortzen den akabera ere kalitate onekoa dela; hau da, moda-diseinatzaileek eta kontsumitzaileek maite dituzten koloreak sortzeko gai dela eta oihalak leun uzten dituela, beste tratamendu kimiko batzuek ez bezala.

«Urratzaile tradizionalek eta kimikoek baino inpaktu txikiagoa du ingurumenean.»

Materialaren jasangarritasuna ere azpimarratu dute ikertzaileek. Urratzaile tradizionalek eta kimikoek baino inpaktu txikiagoa du ingurumenean. Adibidez, granatea ez da berriztagarria eta oskolak bai. Lehenengoa mineral bat da, naturatik erauzi behar dena. Besteak, aldiz, azpiproduktu bat dira. Muskuiluen kontsumoaren ondorioz, mundu mailan, urtean 1,5 milioi tona oskol-hondakin sortzen dira eta, gaur-gaurkoz, ez zaie erabilerarik ematen.

Ikerketa honetan oihal bakeroa urratzeko aplikazio zehatza egiaztatu badute ere, ikertzaileek uste dute muskuilu-oskolen hondarra beste hainbat aplikaziotarako ere urratzaile egokia izan daitekeela eta beste industria batzuetan baliagarria izan daitekeela, hala nola pieza mekanikoak edo barkuak garbitzeko. Gainera, ez du ekipamendu berririk eskatzen. Hondar-zurrusta bidezko prozesuetan erabili ohi diren makinak erabili dituzte.

Egoitz Etxebeste Aduriz

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali