}

Murgilean busti gabe

1996/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

New Yorkeko Ricco/Maresca Galeriara hurbiltzen bazarete, erori gabe hodei gainean flotatu edo batere busti gabe igeri egin ahal izango duzue. Bitxikeria horiek grafikogintzan aritzen den Charlotte Davis asmatzailearen burutazio izan dira eta abiadura handiko Silicon Graphis izeneko ordenadorea erabiliz lortu ditu simulazio horiek.

Artista honen ekarpenik garrantzitsuena uretan murgil egitean arnasa oxigeno bonbonarekin hartzea simulatzea da. Osmose izeneko erakusketa horretan bisitariek buruan kasko bat jarri edota betaurreko bereziak janzten dituzte lehenik. Gero, gorputzean sentsoreak itsasten dizkiete eta horiek bularraldearen espantsio eta uzkurdurak neurtzen dituzte, informazioa ordenadorera bidaliz.

Hasera batean sentsoreak diafragmatik gertu kokatzen zituzten, baina bisitari arruntak arnasa sakonki hartzeko ohiturarik ez duenez, kaxa torazikoaren inguruan itsatsi behar izan zuten sentsorea. Ordenadore-bidez sortutako giroa erabiltzaileak sentitu ahal izan dezan, irudiak ahalik eta azkarren ikustea lortu behar da. Badakizu irakurle, amets egin nahi baduzu hurbil zaitez Ricco/Maresca Galeriara.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia