Munduko zuhaitzik zaharrena klonatzeko asmotan
2002/10/11 Elhuyar Zientzia
Kaliforniaren eta Nevadaren arteko mendikatean Matusalen izeneko pinua dago. Izenak adierazten duen bezala, pinu hori oso da zaharra; izatez, munduko zuhaitzik zaharrena dela uste da. Pinus aristata espeziekoa da eta, 1950eko hamarkadan hartu zuten bihotzeko laginari esker, 4.767 urte inguru dituela jakin da. Adin zehatza, baina, ezingo da jakin zuhaitza moztu eta eraztun guztiak kontatu arte.
Hain adindua izateko, oso osasun ona duela diote adituek. Hala ere, badirudi batzuek ez dutela pinua galtzeko arriskuan ikusi nahi, eta Zuhaitz Nagusien Egitasmoa taldekoek Matusalenen laginak jaso dituzte haren klon bat lortzeko.
Talde hori 1996an hasi zen lanean, eta nazioarteko 70 zuhaitz klonatzen saiatu da. Matusalenekin batera, adibidez, Aitalehena izeneko pinua ere klonatzekotan dira. Aitalehena Matusalenen espezie berekoa da eta biak ere baso berean daude; aldea, ordea, hausten duten errekorrean dago: Matusalen zaharrena da, eta, Aitalehena, berriz, bere espezieko luzeena, 60 oin (18,24 m) neurtzen baititu.
Argazkikoa Matusalen-en ahalide gazteago bat da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia