Munduko periskopiorik txikiena
2009/03/05 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia
Vanderbilt Unibertsitateko zenbait zientzialarik munduko periskopiorik txikiena asmatu dute, zelulak nahiz bestelako mikroorganismoak aldi berean hainbat aldetatik behatu ahal izateko. Oro har, laborategietako mikroskopio arruntekin zelulak alde bakar batetik, goitik, ikus daitezke. Orain, zelulen goialdea ez ezik, haien alboak ere ikus daitezke.
Ikertzaileek “piramide-formako zulo islatzailea” deitu diote gailuari. Silizioz moldatutako piramide-formako zulo edo barrunbe bat da, eta gainazala urrezko edo platinozko estaldura islatzaile batek biltzen du. Oso txikia da, mikroskopikoa, gizakion ile baten tamainakoa, alegia, eta hainbat tamainatan egin daiteke, neurri ezberdinetako objektuak behatu ahal izateko.
Teknologia horri esker, objektu mikroskopikoak hiru dimentsiotan ikus daitezke, kostu handirik gabe eta bestelako metodoekin baino errazago. Lehenengo aldiz, mikroorganismoen 3Dko irudiak ikusteko erabili dute teknologia hori.
Argazkian, “piramide-formako zulo islatzailearekin” egindako ekilore-polenaren ale baten irudi fluoreszentea ikus daiteke.
Irudia: Vanderbilt Institute for Integrative Biosystems Research and Education
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia