Munduko oihan tropikalen erreserba handiena Brasilen
2002/08/23 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Parke berria Brasilgo Amapá estatuan dago, Amazonas oihanaren iparraldean. 3.870.000 hektareako azalera du, Suitzaren tamainakoa, gutxi gorabehera. Amazonas oihan osoaren % 1 osatzen du parkeak eta ezaugarri ekologiko oso bereziak dituen eremua babesten du: ‘Guyana oihan hezea’ izenarekin ezagutzen den oihan tropikal mota, hain zuzen.
Parke bilakatu duten eskualdea oso gutxi ezagutzen da, gehiena granitozko mendiek eta zeharkaezinak diren ibaiek osatzen baitute. Hori dela eta, zientzialariek ez daukate oihan horri buruzko informazio askorik oraingoz eta litekeena da oraindik ezezagunak diren hainbat espezie gordetzea bere baitan.
Orografia malkartsuarengatik, parke osoan ez da bizi giza talderik. Gainera, ezagutzen den giza jarduera bakarra kasiterita mineralaren meatze bat da. Orain, parke nazional izendatzearekin batera, meatzeko lanak bertan behera geldituko dira. Hala ere, legez kanpoko meatzaritza edo ehiza egon litezkeenik ez dute ukatu.
Hori da kontserbazionista-elkarte askoren ardura nagusia. Parke berriaren izendapena pozez hartu badute ere, arduratuta daude parkeen etorkizunari buruz. Diotenez, parke berriak oso erraz sortzen dira, baina horiek babestu eta egoki zaintzeko orduan hasten dira arazoak.
Brasilen oso ohikoak dira ingurumena babesteko lan egiten duten ofizialen korrupzio-kasuak. Izan ere, gobernuko Ingurumen Sailak oso diru-sarrera txikia du eta bertako langileei ordaintzen zaien soldata oso baxua da. Ildo horretatik, arazoak konpontzen saiatzeko, Ingurumen Saila berrantolatzen hasiko dela esan du Brasilgo gobernuak.
Brasilgo presidente Fernando Enrique Cardosok Amazonasko oihan tropikalaren % 10 babesteko helburua dutela zehaztu du behin baino gehiagotan, baina oraindik % 3 besterik ez dago babesturik. Orain, Tumucumaque parke berriarekin, % 4,5era iritsi dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia