Munduko ehunik zaharrena
1993/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arkeologo turkiar eta estatubatuarrek, Turkiako hegoekialdeko Cayonu-ko aztarnategian ehun-zati berezi bat aurkitu dute egin dituzten indusketetan. Karbono 14 isotopoa erabiliz datatu eta orain arte aurkitutako ehunik zaharrena baino 500 urte lehenagokoa dela, hau da, orain dela 9.000 urtekoa dela, adierazi dute.
Hogei bat zentimetro karratuko ehun-zatia, orein-adarrez egindako lanabes baten inguruan bildurik aurkitu dute. Badirudi adarreko kaltzioak denboraren eta parasitoen higaduratik babestu duela. Itxura denez, ehuna lihozkoa da; aztarnategian lihoaren hazi ugari aurkitu baitute. Dena den, mikroskopio elektronikoz aztertzen dutenean egiaztatu ahal izango da iritzi hori.
Ehundurak ematen duenez, aurkitutako pieza jantzi baten zatia da, eta jantzia ez dago ehotzeko teknikarik gabe egiterik. Orain arte ehuleak K. a. 3500. urte inguruan hasi zirela uste zen, ehotako lehen jantziak Ekialde Hurbilean gutxi gora-behera idazkera hedatu zenean agertu zirelako. Aurkikuntza honek ordea, besterik adierazten du eta horrez gain Neolito Aroari buruz informazio gehiago ematen du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia