}

Munduko duna egonkor handienen sekretua

2005/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zergatik ez dira mugitzen Txinako Badain Jaran basamortuko dunak, inguru lehorrean eta haizetsuan dauden arren? Oro har, dunak mugitu egiten dira haizearen eraginez, baina Badain Jarangoak egonkorrak dira, eta ikertzaileek orain arte ez dute jakin zergatik.

Nature zientzia-aldizkarian eman dute berria, eta, ikertzaileen arabera, dunen azpian eta barruan dagoen urak egonkortzen ditu dunak. Izan ere, dunen azalaren azpian begiratuta, ur ugari dagoela ikusi dute ikertzaileek. Nahikoa da 20 cm zulatzea ura aurkitzeko, eta dunaren alboren batean metro bateko zuloa eginez gero ura iragazten hasten da, nahiz eta dunatik hurbilen dagoen lakua 17 m beherago egon.

Ur hori urrutitik dator, basamortuaren hego-ekialdean 500 km-ko distantziara dauden Qilian Mendietako elur urtutik. Arroken zirrikituetatik dunetarainoko bidea egiten du urak. Dunen inguruan 72 aintzira daude, eta dunek berek ur-kantitate handia dute barnean. Eremu horretatik urtean 500 milioi metro kubiko ur igarotzen direla kalkulatu dute ikertzaileek.

Hori jakin eta berehala, Txinako agintari batzuk ur hori ustiatzeko planak egiten hasi dira. Alabaina, dunetatik ura hartzea arriskutsua izan daitekeela ohartarazi dute ikertzaileek; dunak lehortuz gero, mugitzeko edo suntsitzeko arriskua dago, eta baita ekosistema kaltetzeko ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia