Munduaren itxura berri bat
2011/01/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Afrika iparralderantz mugitzen da poliki-poliki. Urtean 3 zentimetro baino gehiago ez ditu egiten bide horretan, baina ez da geratzen. Noizbait talka egingo du Europaren kontra. Tunisiaren eta Napoliren arteko distantzia kilometro gutxi batzuk besterik ez da izango, Afrikaren mugimendua ez bada aldatzen. Aditu batzuek esaten dute bi kontinente horien arteko talkaren ondorioz, Mediterraneoa lehortu egingo dela eta Himalaiaren antzeko mendilerro bat sortuko dela Europako hegoaldean. Agian hala izango da, edo agian ez.
Amerika, berriz, mendebalderantz ari da mugitzen; Europatik urruntzen ari da, eta Asiara hurbiltzen. Australia ere iparralderantz mugitzen ari da, Asiarantz, eta mugitu ahala errotatzen ari da.
Mugimendu horiek guztiak ikusita, badirudi kontinente guztiak elkartu egingo direla lehorreko eremu erraldoi batean, Antartika bera izan ezik. Aditu batzuen arabera, horixe izango da Lurraren mapak etorkizunean izango duen itxura, nahiz eta ezinezkoa den jakitea noiz eta nola iritsiko den egoera hori.
Kontinenteak gaur nola mugitzen diren ikusita, etorkizuneko mapa osa daiteke. Hala ere, adituek ez dakite zehatz-mehatz nolakoa izango den; espekulazio hutsa da. Epe luzera behintzat hala da, kontinenteen mugimenduaren iragarpena iragarpen meteorologikoa bezalakoa delako; hau da, denboran zenbat eta urrutiago begiratu, orduan eta zailagoa da iragarpena. Faktore asko hartu behar dira kontuan. Nahiko erraz ikusten da hemendik milioi urte gutxi batzuetara izango den egoera, baina superkontinente bakarrean elkartzerako askoz denbora gehiago igaroko da, ehunka milioi urte, eta auskalo nola aldatzen den kontinenteen mugimendua denbora-tarte luze horretan.
Horregatik, proposamen bat baino gehiago dago etorkizuneko egoerari buruz. Roy Livermore Cambridgeko Unibertsitateko geologoak egin du proposamen horietako bat. Lan handia da; faktore asko hartu behar dira kontuan. Hala ere, emaitza espekulazio bat da, frogatu ezin den espekulazio bat besterik ez. Livermorek barre egiten du ideia horren aurrean. "Ikerketa honen edertasuna da inor ez dela egongo garai hartan, gure iragarpenak zuzenak diren ala ez ikusteko".
Kontuan hartu behar da hurrengo superkontinentea gutxienez 200 milioi urte barru sortuko dela, adituen arabera. Kontinenteen mugimenduarengatik ez ezik, historian atzera begira ikusitakoarengatik ere esan dute hori: superkontinenteen sorrera gertaera ziklikoa da. Gutxi gorabehera, 500 milioi urtean behin gertatzen da. Wilsonen zikloa deitzen diote, John Tuzo Wilson geologo kanadarrak proposatu zuelako.
Geologoak ados daude Lurraren historian lau superkontinente sortu eta desegin direlako hipotesiarekin. Batzuek diote beste bi aldiz ere gertatu dela hori, baina aditu guztiak ez datoz bat. Atzera begiratzeko, harrien adina, fosilak eta paleomagnetismoa aztertzen dituzte, baina, aurrerako iragarpenekin bezala, zenbat eta atzerago begiratu, orduan eta zailagoa da kontinenteen banaketa iragartzea. Gainera, ez dago argi Lurraren historian noiz jarri zen martxan plaken tektonika. Planeta gaztea zenean, Lurraren geologia oso ezberdina zen; argi dago ez zegoela plaken tektonika existitzeko aukerarik oraindik. Lau superkontinenteen sortzeak eta puskatzeak Lurraren historiaren azken 2.500 milioi urteak hartu ditu. Hori baino lehenagoko 2.000 milioi urteetako istorio geologikoa urrutiegi dago ondo ezagutzeko.
Baina adituak ziur daude azken superkontinentea, Pangea, duela 250 milioi urte sortu zela. Gaur egun Sydney hiria dagoen tokitik abiatu, eta Antartika, India, Afrika, Hegoamerika, Iparramerika, Europa eta Asia zeharkatu zitezkeen Singapurren lurralderaino, behin ere itsasoratu behar izan gabe.
Pangea puskatu egin zen, eta mugitu egin ziren haren puskak, gaurko kontinenteak osatzeko. Baina dagoeneko ari dira superkontinente berri bat osatzen. Nolakoa?
Bada, bi hipotesi nagusi daude. Aditu batzuek diote Pangearen antzerakoa izango dela hurrengo superkontinente hori. Eta beste batzuek superkontinente desberdin bat proposatzen dute. Izena ere badu: Amasia. Berez, ez da proposamen bakarra, baina, oro har, honela deskriba daiteke: mendebaldetik ekialderako ordenan, Afrika, Europa, Asia eta Iparramerika egongo lirateke iparraldean; eta Afrikaren "adarra" (Somalia eta abar), Antartika, Australia eta Hegoamerika egongo lirateke hegoaldean. Amasian zehar egindako txango luze bat gaurko Dakar hirian has liteke eta Ushuaian bukatu, itsasorik zeharkatu gabe.
Hala ere, gizakiak ez du ikusiko. Luzea da Pangea berria edo Amasia edo dena delakoa osatu arteko bidea. Gizakiaren ondorengoek irauten badute ere, beste espezie bat izango da, seguru asko. Iristen bada, klimaren kondizio eta fenomeno geologiko bortitzak gainditu beharko ditu neogizaki horrek, haraino iritsi bitartean. Baina hori beste kontu bat da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia