}

Mundu osora zabaldu den birusa

2000/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Afrika, Europa eta Asian endemikoa den Mendebaldeko Niloko birusa dagoeneko Amerika osora zabaldu delako susmoa daukate Atlantikoz bestaldeko ikertzaileek. Birus hori hegaztietan bizi da eta espezie batzuk hiltzen dituen arren, beste askori ez die inolako kalterik eragiten.

Hegaztiek eltxoak kutsatzen dituzte eta gizakiok eltxoen ziztadarekin batera jasotzen dugu birusa. 1997. urtean 527 pertsona gaixotu ziren Bukaresten (Errumanian) eta 50 hil. Joan den urtean, berriz, 61 pertsona gaixotu eta 7 hil egin ziren New Yorken aipatu birusak eragindako entzefalitisaren ondorioz. Ikertzaile batzuen ustez, birusa Israeldik eramandako txori batek garraiatu zuen Amerikaraino. Beste batzuen arabera, 50eko hamarkadan New Yorken eginiko ikerketa mediko batean erabilitako aleen ondorengoa da.

Jatorriak jatorri, birusa New York inguruan zabaldu zen joan den uztailean eta dagoeneko eskualdeko antzara eta txolarreen erdiak kutsatuta omen daude. Birusa neguan hilko ote zen esperantza udaberria hastearekin batera galdu zen eta iragarpen ezezkorrenek Amerika osora hedatu dela aurreratu dute, 77 hegazti-espezie migratzailek birusa Ipar Amerika guztira eta Hego Amerikako zenbait puntutara zabaltzen lagundu baitute neguan.

Ikertzaileak udara partean gaixotasuna agertuko den beldur dira eta ahalik eta hegazti gehien kontrolatzea proposatu dute. Kutsatutako hegaztiak zein eskualdetan dauden jakitea ezinbestekoa da gizakiak eltxoen aurka babestu ahal izateko. Kontrol hori egitea oso zaila da, ordea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia