}

Mundu osoko ibaiak, “krisian”

2010/10/24 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gaixo daude ibaiak, edo “krisian”, beste modu batera esanda. Ikertzaile-talde batek planeta osoko ibai eta erreka ororen egoera islatzen duen lehen txostena plazaratu du. Eta, ezbairik gabe, datuak ez dira samurrak. Diotenez, mundu osoko populazioaren % 80 bizi da ur-hornikuntzaren segurtasuna “larri mehatxatuta” dagoen eremuetan. Erreketako habitaten biodibertsitatea bera ere arriskuan legoke, kasuen % 65ean.
Mundu osoko populazioaren % 80 bizi da uraren segurtasuna “larri mehatxatuta” dagoen eremuetan.
AdmlCrunch

Ingurumen-estresa, nekazaritzako isurketak, kutsadura eta espezie inbaditzaileak. Horiek dira, besteak beste, ibaiak arriskuan edo “jomugan” jartzen dituzten faktoreak. Jakina da uraren kalitatea ona ez izateak zuzenean eragiten diola gizakiari (kontsumorako ur-hornikuntzari, kasu), baina dibertsitate biologikoari ere uneoro erreparatu nahi izan diote ikerlariek. “Ezin dugu jarraitu gizakiontzako uraren kalitatea eta ekosistemarekiko arriskuak modu independente batean aztertzen. Biak elkarlotu behar ditugu, eta, sortu dugun marko sistematikoak biei aldi berean begiratzea ahalbidetzen digu”, esan dute.

Etorkizunik oparoena, beraz, gizakion beharrak asetzeko eta biodibertsitatearen biziraupena bermatzeko neurrien arteko orekan legoke. “Urtegiek, adibidez, efektu negatibo gutxi dute gizakion ur-hornikuntzan. Baina ez gara ohartzen desafio esanguratsua egiten diotela biodibertsitateari, besteak beste, migrazio-bideak zaildu eta ur-korronteak ere aldarazten baitituzte”. Bada, hori guztia kontuan hartu behar dela ohartarazi dute.

Ikerketa New Yorkeko City Collegeko eta Michigango Unibertsitateko kideek egin dute, eta Nature k eman du haren berri. Diotenez, diagnosia benetan lagungarria izan liteke uraren mundu mailako “krisi” batean politika- eta kudeaketa-erantzunak lehenesteko.

Besteak beste, urtegiek eta presek biodibertsitatean eragiten dituzten kalteak nabarmendu dituzte diagnosian.

“Mundu industrializatuan, uraren kudeaketarako estrategian, azpian dauden arazo larriei jaramon egin ordez katearen amaieran sortzen diren arazoei adabakiak jartzen ibiltzen dira. Kezka uholdeek eragiten badie, adibidez, behealdeko lautada hezeak babestu beharko lituzkete. Hala, baliteke milioika dolar balio dituzten uholdeei eusteko sistema bat eraikitzeko beharrik ez izatea”, erantsi dute.

"Zuhurtzia"

Uraren kalitateari zuzenean eragiten dioten 23 faktore-motari dagozkien mapak bateratu dituzte ikerlariek, eta, gero, guztiak indize bakar batean konbinatu. “Iraganean, politika-arduradunak lanpetuta ibiltzen ziren une bakoitzean arazo jakin bakar bati heldu nahian —diote—. Baina orain argi dugu: irudia askoz aberatsagoa eta esanguratsuagoa da mehatxu oro aldi berean hartzen direnean kontuan”.

Kutsaduraren eragina, urtegiak eta presak, uraren gehiegizko erabilera, nekazaritzako isurketak, aintziren galera, espezie inbaditzaileen sarrera… Ez dira gutxi, beraz, aztertu dituzten faktoreak. Gehienak ere aski ezagunak, gainera. Baina, emandako datuak “zuhurtziaz” hartu behar direla ere esan dute. Izan ere, oraindik ezin omen dute diagnosi orokor eta behin betikoa egin; ez dute informazio nahikoa konposatu farmazeutikoak eta meatze-hondakinak bezalako beste faktore estresagarri batzuei buruz.

Kutsaduraren eragina, nekazaritzako isurketak, espezie inbaditzaileak… Faktore askok jartzen dituzte ibaiak arriskuan. (Argazkia: Steve Snodgrass ).

Hori bai, uraren segurtasuna maila handi batean “mehatxatuta” dagoela baieztatu dute jada, eta, kaltetutako eremuak asko direla aipatu. Besteak beste, zerrenda horretan daude AEB, ia Europa osoa, Asia erdialdeko zati handi bat, Ekialde Ertaina, azpikontinente indiarra eta Txinako ekialdea.

Orain arte, uraren kalitatearen gaineko diagnosi gehienek tokian tokiko ibaien analisiak bakarrik zituzten oinarrian. Oraingoan, ordea, mapa kontinental bateratuak sortu dituzte; “ibaiek zein muga zeharkatzen duten kontuan izan gabe, baina ibilgu bakoitzeko estres-maila argi zehaztuta”.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia