}

Mundu osoan zehar zeru urdinenaren bila

2006/08/20 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Non ote dago munduko zerurik urdinena? Edo, hobe esan, nondik ikusten ote da urdinen zerua? Galdera horri erantzuteko asmoz, bidaia-agentzia batek sariketa bat antolatu zuen: bidaiari bati munduan zeharreko bidaia bat oparitu diote erantzuna bila dezan. Bidaiaria munduaren punta batetik bestera ibili da 72 egunez, eta leku bateko eta besteko zeruaren urdina neurtuta, munduko zerurik urdinena non dagoen argitu du: Brasilen.
Badirudi zeru urdinena Brasilen dagoela, eta horren atzetik daude Zeelanda Berria, Australia, Fiji eta Hegoafrika, Euskal Herritik urruti samar guztiak ere.

Zerurik urdinena, beraz, Brasilen dago; eta horren atzetik datoz Zeelanda Berria, Australia, Fiji eta Hegoafrika. Munduko zeru urdinenak ikusteko, hortaz, urruti samar joan behar dugu —gogoratu bidaia-agentzia batek antolatutako lehiaketa baten bitartez egin dela ikerketa —.

Esango genuke inor ez dela haserretu Euskal Herria zeru urdinena duten bost herri horien artean sartu ez dutelako, baina badaezpada ere esan behar da ez zuela inolako aukerarik, ez zeru urdinik ez duelako, baizik eta bisitatutako herrien zakuan sartu ere ez zutelako egin. Zaku horretan hogei lurralde zeuden —muga nonbait jarri behar zuten, ezin zituzten munduko leku guztiak bisitatu—: aurrez aipatutakoez gain, Madagaskar, Japonia, Tailandia, Kanbodia, Maldivak, Los Angeles, San Frantzisko, Alaska, Karibea, Peru, Egipto, Italia, Maroko, Irlanda, Islandia, Eskozia, Gales eta Ingalaterra. Beraz, bidaiaria hogei leku horietan izan da.

Kolorimetria: koloreak neurtzen

Zeruaren urdina neurtzeko, argiaren uhin-luzera eta intentsitatea neurtzen dira espektrometro batekin, eta “zenbat urdin” duen kalkulatzen da.

Hasiera batean bidaia-agentziaren asmo nagusia ez zen zientzia-ikerketa bat egitea, bere burua ezagutaraztea izango zen, noski. Baina Fisikako Laborategi Nazionalean (NPL) lehiaketaren berri izan zuten, eta ikusi zuten aukera ona zela neurketak serio egiteko. Laborategi horrek hainbat unitate fisikoren estandarrak ezartzen ditu, hala nola, kilogramoa, metroa eta segundoa; eta koloreak neurtzen ere jarduten dute, kolorimetrian, alegia. Zeruaren urdina neurtzeari dagokionean, fisikaren ikuspegitik, argiaren uhin-luzera eta intentsitatea neurtzen dira, espektrometro batekin, hain justu. Hala, NPLn espektrometro bat moldatu zuten lehiaketarako: bereziki zeruaren kolorearen neurketa egitekoa, eramangarria eta erabiltzeko erraza.

Hortaz, espektrometro bat bizkarrean zuela ibili da bidaiaria —esateko era bat da, noski—. Joaten zen leku bakoitzean, tresna guztiak prestatu, neurketa egin, eta posta elektronikoz NPLra bidaltzen zuen emaitza. Han, neurketa egoki egina zela ziurtatzen zuten, eta jasotako datu guztiak batzen zituzten. Bidaia bukatutakoan, hau da, datu guztiak zituztenean, grafiko batean jarri zituzten eta zeru urdinena zer lurraldetako datuak ematen zuen erabaki zuten.

Ikerketa bidaia-agentzia baten lehiaketa baten bidetik etorri da, eta, ondorioz, turismorako interesgarriak diren lekuetako zeruaren urdina izan dute aztergai.

Erabakia hartzeko kontuan izan zuten kolore jakin bat berez oinarrizko koloreen nahaste bat dela, gorriaren, berdearen eta urdinaren arteko nahastea, hain zuzen ere. Kolore bakoitzak (zeruaren urdin bakoitzak kasu honetan) oinarrizko koloreenproportzio jakin bat du. Zeru urdinenaren bila zebiltzanez, urdin-proportzio handiena duen zerua zuten helburu, eta espektrometroaren arabera zeru urdinena Brasilgoa da, neurketa egindako unean behintzat.

Beste datu bat, bukatzeko; zeru urdinena izatetik urrutien dagoen herrialdea (hogei horien artean) Ingalaterra omen da. Gu Ingalaterratik gertuago gaude Brasildik baino, eta, gaude, zeruaren kolorea ere ez ote den antzekoa izango.

7K-n argitaratua.