Muki-belarra, landare intsektujalea
1994/05/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria
Pinguicula genero honen barruan, 30 espezie inguru ezagutzen dira. Hauetariko 8 Europan daude, Euskal Herrian 3 espezie baino aurkitzen ez direlarik. Espezierik banatuena, Pinguicula grondiflora dugu. Muki-belarrak oso sistema bitxiak garatu behar izan ditu elikatu ahal izateko eta eboluzio honi esker, bere hostoek dituzten harrapatzeko sistema berezietan intsektu txiki ugari itsatsita gelditzen dira.
Hostoen distirak erakartzen ditu intsektuak eta azalean ezartzen direnean, itsatsita gelditzen dira, ihes egiteko nahiak bere ondoko beste guruinek (guruin txortendunek) oraindik ere gehiago galarazten dietelarik. Intsektuen liseriketa bere guruin desberdinei esker gauzatzen da, horretarako muki-belarraren hostoak biribilkatuz. Liseri-prozesu hau, 3-4 egunetan gertatzen da, hostoak berehala zabaldu eta beren gainean intsektuen kondarrak agertzen direlarik. Hostoak etengabe berritzen dira, hauen iraupena 5-6 egunekoa izanik.
Muki-belarra, itsas mailatik mendi-gailurreraino aurki dezakegu, zohikaztegi, horma eta ezponda urtsu eta iturburuetan. Loraldia altitudearen arabera apiril-uztail bitartean gertatzen da. Erroseta-formako landare txiki honek, hosto luzangak ditu, orlegi zurbil kolorekoak. Loreak lilak izaten dira eta eztarriak zuriz koloretuak atzealdean ezproi luze bat dutelarik.
Landare hau, sendabelar gisa erabilia izan da, eta propietate desberdinak ditu. Muki belarrak dituen sendagaien artean, hauexek aipatuko genituzke: azido organikoak, mineralak, gai espasmolitikoak eta labenzima.
Bere hostoak txikitu ondoren, zauri egin berrien gainean jarri ohi dira. Halaber, "sarna" sendatzeko asmoz. Bere sustraia ere, enplasto modura erabili ohi da, "ziatikak" eragiten duen mina apaldu eta umeen etenak sendatzeko. Hostoen-zukuak behi-erroetako gaitzak berehala sendatzen dituela diote. Eta sustrai eta hostoak batera xehetu ondoren, ilea horiz tindatzeko erabiltzen dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia