Mugikorrei giltza eman
2002/03/03 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Zenbat aldiz gertatu zaizu bezperan mugikorraren bateria kargatzea ahaztu zaizulako deirik egin ezinik egotea? Mugikorra egunero soinean ibiltzen duen horietakoa bazara, seguru behin baino gehiagotan deia egiten hasi, eta bip, bip, bip… bateria hustuta dagoeneko seinalea entzun duzula.
Deia oso garrantzitsua ez bada gaitzerdi, baina larrialdietan horrelako zerbait gertatuz gero, bezperako axolagabekeria ez da hain erraz barkatzen. Bada, egoera horiek gainditzeko, adituek sistema zahar bat mugikorrei aplikatzeko ideia izan dute; giltza emanda bateria kargatuko zaion mugikorra.
Giltza emanda bateria kargatu
Giltza emanda funtzionatzen duten aparatuen abantailak begi-bistakoak dira. Martxan jartzea urririk da eta ez du horrek aparteko instalaziorik eskatzen; ez elektrizitaterik ezta kargatzailerik ere. Gainera, ez da inoiz bateria berririk erosi beharrik, eta garai batzuetan, edo hobe esanda leku batzuetan, bizitza alda dezake.
Giltza emanda martxan jartzen zen lehen aparatu iraultzailea irratia izan zen. Hiesaren birusa Afrika osora zabaltzen ari zela eta, Trevor Baylis ingelesak informazioa biztanle guztiei helarazteko giltza emanda funtzionatzen zuten irratiak banatzeko ideia izan zuen. Horrek ez zuen inongo azpiegiturarik eskatzen eta nahikoa zen 30 segundoz giltzari eragitea irratia 14 minutuz entzuteko. Ideia on horrek arrakasta ikaragarria izan zuen; eta ez Afrikan soilik. Mendebaldean ere era horretako milioi bat inguru irrati saldu zen entxuferik ez dagoen lekuetarako, baratze edo kanpinetarako esaterako, aproposa baita. Gerora, ideia hori musika-aparatuetan edo telefono mugikorretan aplikatu nahi izan da, baina ez da inoiz garatu.
Arazoa behin eta berriz giltza ematen ibili beharra da. Irratiak ez du energia handirik kontsumitzen eta minutu batez giltza ematea nahikoa da ordu erdiz irratia entzuteko. Aldiz, sistema horrekin funtzionatzen duen eskuargi bati minutu batez giltza emanda, sei minutuko argia besterik ez da lortzen.
Eta zer esanik ez ordenagailu baten energia-kontsumoaz. Ordubetean 126.000 joule kontsumitzen du ordenagailu batek eta energia hori lortzeko hiru minutuz eragin beharko litzaioke bizikleta estatiko bati. Noski, ariketa fisikoa egitea osasuntsua bada ere, bati baino gehiagori nerbioak dantzan jarriko lizkioke horrelako sistema batek.
Telefono mugikorrei dagokienez, ezinezkoa dirudi sistema horrek gaur egungo bateriak erabat ordezkatzea, baina larrialdietarako irtenbide egokia izan daiteke. Freeplay-ek garatu eta Motorolak merkaturatu duen mugikorra 30 segundoz giltzari eragin eta sei minutuz hitz egin edo bi orduz egonean egoteko gai da.
Giltza txiki eta diskretua
Motorolak mugikor modernoei dagokien neurri eta diseinuko giltza prestatu du. Gainera, irratia giltzari eragin eta berehala entzun behar bazen, mugikorretan bateria kargatu eta energia hori nahi denean erabiltzen da.
Baina diseinuaz gain, sistema ere gaurkotzen ari dira. Howard Atkin ingelesak bizarra mozteko makina elektronikoetatik hasi eta ordenagailuetaraino erabil daitekeen sistema indartsua garatu du. Bere sisteman ere energia giltzari eraginda sortzen da, baina bateriak kargatu beharrean, superkondentsadore batean gordetzen da energia. Atkinek dioenez, bere sistema Freeplayena baino eraginkorragoa da; hori frogatzeko, edozein dendatan erositako irratiari bere sistema ezarri eta minutu batez giltzari eraginda 90 minutuko irratsaioa entzun zitekeela erakutsi zuen.
Superkondentsadoreek, ohiko kondentsadoreek bezala, energia gordetzen dute, baina beren kapazitatea bilioi bat aldiz handiagoa da. Karga gehiago gordetzeko ahalmena karbono-hautsezko elektrodoei zor die superkondentsadoreak. Bateriek adina balio dute, baina horiek baino eraginkorragoak dira; bateriek xurgatutako energiaren % 85 itzultzen dute eta superkondentsadoreek % 92.
Atkinen esanean, sistema hori bateriekin funtzionatzen duten edozein gailuri aplika dakioke eta, lehenik sistema honetaz baliatzen diren eskuargiak eta irratiak aterako badituzte ere, urte honetan zehar, telefono mugikor, musika-aparatu eta gainerako gailuak merkaturatuko dira.
Munduaren garapena orekatzeko?
Argi dago giltzari eragiteko sistema eraginkorra izan daitekeela, eta agian gaur egungo bateria-kargatzaileak ordezkatuko ditu. Baina gogoan izan Trevor Baylisen hasierako ideia herrialde ez-garatuetan teknologia sartu ahal izatea zela. Gaur egun, sistema hobetzen ari da, baina ekoizleek jende txiroan pentsatzen ote dute?
Zoritxarrez, merkatu berri oparoa aurreikusten zaio sistema horri, eta jadanik aireratu dira, hasierako intentzio on guztiak. Urruneko biztanleak ahantzi eta konpainia handi guztien ikusmiran jende aberatsa dago.
Sony, Philips eta Aiwa etxeek ez dituzte sistema horretaz baliatzen diren irratiak garapen bidean dauden herrialdeetan saltzen eta, gainera, ez daukate horretan hasteko inongo asmorik.
Motorolaren telefono mugikorren kargatzailea Europan eta Ipar Amerikan soilik erosi ahal izango da, eta mundu osora zabaldu nahi izanez gero ere, lehenik prezioa Bangladesh eko nekazariaren poltsikoetara egokitu beharko lukete. Freeplay’s konpainiako John Hutchinson-ek adierazi du sistema merkeago bat garatu nahian dabiltzala, baina ez da ziurrenik aurtengo izango.
Sistema berriak, beraz, hasierako asmo onak alde batera utzi eta Afrika urruneko biztanleen bizimodua aldatu beharrean, Europako eta Ipar Amerikako biztanle dirudunena aldatuko du.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia