}

MPEG-7a, multimediaren etorkizuna

2001/12/01 Waliño, Josu - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gero eta multimedia-informazio gehiago gordetzen da era digitalean, eta gero eta zailagoa egiten zaigu informazio hori aurkitzea. Hutsune hori betetzera dator MPEG-7 lengoaia berria. Hori erabiliz, irudi- eta audio-bankuetan bilaketa azkarrak egin ahal izango ditugu, estandar horrek gure datu bankuetan gordetako fitxategi audiobisualen deskribapen zehatzak gordetzen baitizkigu.

MPEG-7a hainbat multimedia-informazio deskribatzeko ezarritako estandarra besterik ez da. Deskribapen horretaz baliatuz, fitxategi audiobisualetan egon daitezkeen irudi edo hitz zehatzak bilatzeko sistemak presta ditzakegu, edozein datu-basetan egin ohi den moduan, hitz gakoak erabiliz. Estandar horrek multimediaren deskribapena ahalbidetzen du, edukiak hitz gakoen bidez eta ulermen semantikoaren bidez azaltzen baititu.

Estandar berri hori indexaziorako tresnen lagungarri bihur daiteke, horrela ikus entzunezko materialez osaturiko datu-banku handiak osatu (irudi finkoak, grafikoak, bideoak, audioak etab.) eta datu-base horietan bilaketak azkar egitea ahalbidetzen du.

Aurrekariak

Estandar horren aurretik izan ziren beste hainbat. MPEG-1 estandarraren bidez ikus entzunezko fitxategiak gorde eta deskargatzen ziren. MPEG-2a etorri zen ondoren, telebista digitalerako erabiliko zena, eta MPEG-4a azkenik; honek audioa eta bideoa objektu moduan kodifikatzen du. Estandar berriak ez ditu aurrekoak ordezten, erabili egiten ditu.

Funtzionatzeko era honakoa izan daiteke: aplikazio bat erabiliz hainbat bideo- edo audio fitxategiren deskribapena gorde daiteke MPEG-7a erabiliz. Horretarako XML formatua erabiltzen da, deskribapen hori formatu honetan gordetzen baita. Gordetako deskribapenak ez du fitxategiaren edukia bakarrik azalduko, baita bestelako informazioa ere: konpresio-mota, eskubideak, sailkapena, antzeko materialerako estekak, testu ingurua etab. Horrela, bilatzaileek hainbat gakoren araberako bilaketa azkarra egin dezakete.

Ondorengoak

MPEG taldeak lantzen dituen estandarrak ez dira horrekin amaitzen. Prestatzen ari diren hurrengo estandarra MPEG-21 izenekoa da. Horren bidez, multimedia-prozesuaren inguruko elementu guztiak kontrolatzen dira. MPEG-21ak prozesu guztian agertuko diren elementuak deskribatzen ditu: erabiliko diren ordenagailuak, sareak etab. Pixkanaka gero eta gehiago zehazten ari dira multimediaren etorkizuna.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia