Morse kodea baztertu?...
1996/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Irratizaleak zeharo aztoratuta dabiltza azken aldian. Gaur egun, mundu osoko irratizaleek morse kodeari buruzko azterketa gainditu behar izaten dute, amateurrentzako irrati frekuentzien eremua erabiltzeko. Dirudienez, Britainia Haundiko eta Zeelanda Berriko gobernuek morse kodea jakiteari ez diote baliogarritasunik ikusten eta azterketa kentzeko nahia adierazi dute eta horrek, noski, berebiziko nahaspila sorrarazi du.
Agian, bi gobernuei 1830ean Samuel Morsek asmatu zuen kode erabilgarria zaharkitua gelditu dela iruditu zaie, baina irratizaleentzat kode telegrafikoak oraindik abantailak dituela begi-bistakoa da; mezua bidaltzeko zein jasotzeko aparatuak oso merkeak izateaz gain, morse-sistemak leku gutxi behar baitu irrati-espektroan. Erraztasun horiei esker, gau egun hirurogei milioi irratizaleek mezuak distantzia luzetara bidaltzeko maiz erabiltzen dute kode hori.
Proposamen berria dela eta, irratizaleen artean aldeko zein aurkako ahotsak altxatu dira. Batzuren ustez, morseko azterketa kenduko balute, HF-n (goi-frekuentzian) dituzten bederatzi bandek gainezka egingo lukete, irratizale gehiagoren artean banatuko baitute banda-kopuru berbera.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia