Monarka tximeleten GPSa, antenetan

Antenei esker lortzen dute monarka tximeletek migrazio-bidean doazela ez galtzea jarraitu beharreko orientazioa, Massachusetts Unibertsitateko neurobiologo-talde baten arabera.

Aspaldi dakite zientzialariek Eguzkiaren kokapena erabiltzen dutela tximeletok norantz joan behar duten jakiteko. Hain zuzen, egunean zehar egokitzen joaten den erloju antzeko bat dute, Eguzkia mugitzeak ez dezan eraginik izan orientazioan.

Orain arte uste zuten erloju hori garunean zutela tximeletek, egunean zeharreko zikloak, edo ziklo zirkadianoak, erregulatzen dituen erlojua bezalaxe. Massachusettsko zientzialariek, ordea, hainbat esperimenturen bitartez frogatu dute garunean ezetz, antenetan dutela bidaiaren norabidea zehazteko sistema.

Egindako esperimentuetan, lehenik, tximeleta batzuei antenak moztu, eta haien portaera aztertu zuten. Ikusi zuten orientazioa zeharo galdu zutela, eta zoriz aukeratutako norabideak hartu zituztela hegan egiteko.

Ondoren, moztu beharrean, esmaltez margotu zizkieten antenak: batzuei esmalte beltz opakuz, eta besteei, esmalte argiz. Hala, ikertzaileek uste zutenez, Eguzkiaren mugimenduari jarraitzen zion erlojua antenetan baldin bazegoen antenak beltzez margotuta zituzten tximeletek bakarrik galduko zuten orientatzeko gaitasuna. Eta halaxe gertatu zen.

Irudiak: Handia, Monarch Watch-Chip Taylor; txikia, Dennis Curtin

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali