}

Momien sekretuak azaleratu ditu kimikak

2001/10/25 Araolaza, Oier - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Arkeologoek uste zuten momifikatzea gorpua oihalez biltzea baino ez zela. Baina Egiptoko baltsamatzearen azterketak erakutsi du ehorzketa ohitura konplexua zela momifikazioa.

Faraoien ehorzleek olio, koipe, gantz eta argizari franko erabiltzen zutela ikusi dute Bristol-eko Unibertsitateko Stephen Buckley eta Richard Evershed ikertzaileek. Kimika analisien teknika modernoak erabiliz, Egipto zaharreko hainbat momia aztertu dituzte bi ikertzaile horiek.

Ehorzleek altxorra bailiran gordetzen zituzten momifikazio-teknikak. Ez dago egipziarrek idatzitako deskripziorik, eta dauden datu apurrak greko eta erromatarrek bildutakoak dira. Gainera, momiak ondare historiko direnez, legez oso babestuta daude eta orain arteko azterketa-teknikek momia kaltetzen zuten. Baina kimika modernoak lagin txiki-txikiak behar ditu soilik, eta, beraz, kalte txikia eragiten diote momiari.

Ikertzaileen ondorioek erakusten dutenez, antzinako Egipton, gaur egun bezala, hildakoaren familiaren diru-poltsaren araberakoa izaten zen ehorzketa-erritoaren sofistikazio-maila. Urteak aurrera joan ahala, erabiltzen ziren gaiak eta teknikak aldatzen joan zirela ikusi dute. Aldaketa horiek munduko merkatu eta merkatari-bideetan izandako aldaketen ondorio liratekeela uste dute ikertzaileek.

Orain dela 3000 urteko Egiptoko XII. dinastiatik hasita erromatar garaia bitartean zendutako 13 pertsonaren momiak aztertu ditu bikoteak. Lehortzeko erabiltzen ziren hainbat olioren zantzuak aurkitu dituzte. Hezetasunetik babesteko igurzten zizkieten, eta denboraz gogortu egiten ziren olio horiek.

Ikertzaileek landare estimatuen erretxinaren arrastoak aurkitu dituzte momietan. Baliteke bere garaian landare horiek esanahi espirituala edo kulturala izatea, baina gaur egun bakterioen aurkako gai eraginkorrak direla dakite zientzialariek. Beraz, ziur aski gorpuak babesteko balioko zuten erretxina horiek. Erleen argizaria azken aldiko momietan bakarrik agertu da. Bakterioen aurka babesteko oso baliagarria da erleen argizaria.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia