Miru beltza, harrapari oportunista
1992/02/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Martxo aldean, eta udaberriko kolore berdeek eta bizi berriaren distirak Euskal Herriko lurraldeak janzten dituztenean, zilueta liraineko hegazti harrapari bat nagusitzen zaigu bertako zeruetan. Hegan doanean ilun ageri da, eta bere hegaldia lasaia da oso; planeatzailea. Ez du hegal-kolperik ematen ia. Bertara iritsi bezain laster gure mendi, larre eta ibai-ertzak hegaldi baxuan arakatzeari ekiten dio, behin eta berriro bere beharrak aseko dituen ehizakiaren bila bazterrak miatuz.
Miru beltza (Milvus nigrans) tamaina ertaineko harraparia dugu: 50-58 cm-ko luzera eta 110-150 cm-ko hegalzabalera ditu, eta bere pisua 700 eta 1100 g bitartekoa da. Hegazti bikain honek isatsa urkilatua du, baina ez miru gorriak (Milvus milvus-ek) adina. Gertu samarretik begiratzeko parada izanez gero ikus daitekeenez, burua argixeagoa du soina baino, eta kolore arre ilunez ildaskatua. Bizkarra eta hegal gainak ere arre ilunak ditu, eta sabel aldea berriz, argiagoa; arre gorrizta eta ilunez marraztua. Edonola ere, eta hegan doanean, itxura iluna —ia beltza— da nagusi, izena ere hortik datorkiolarik. Horrexegatik, bere moko beltzaren inguruan, aurpegiko ezkoa eta hanketako kolore horia ikaragarri nabarmentzen dira.
Miru beltza hegazti oportunista eta kosmopolita da. Bere banaketa geografikoari dagokionean, Europa, Asia, Afrika eta Australiako eskualde klimatiko gehienetan bizi dela esan daiteke. Banaketa zabal honen arrazoietariko bat animaliaren elikadurarekiko izaera jeneralista dugu zalantzarik gabe. Izan ere, miru beltza batez ere ornodun txikiz elikatzen den harraparia dugu, eta bere ehizakiak arrainak, igelak, sugeak, arratoiak, saguak, eta abar ditu. Dena dela, miru beltza ehiztari kaxkarra da, eta ondorioz bere jakiak hilda edo hilzorian aurkitzen ditu gehienbat, sarraskijale izateko joera nabaria izanik.
Gainera, miru beltzak sekulako trebetasuna du janari-eskuragarritasun handiko lekuak bilatzen. Horregatik, jaki-bilaketa sarritan errepidetan, ibai bazterretan, landa berezietan, eta beste leku jakinetan burutu ohi du, eta ez du leku berririk arakatuko, baldin eta ohizkoetan asetzen bada. Miru beltza aire-korronte txikiez baliatzen da ehiza-lurraldeak hegaldi baxuan planeatuz eginahal txikienik ere egin gabe gora eta behera korritzeko.
Animaliaren elikagai-espektro zabala dela eta, eta lekuan lekuko eskaintzaren arabera, miru beltza batzuetan karraskari-ehiztari bikaina izaten da; bestetan arrain-sarraskijalea izango da batez ere, eta errentagarri gertatzen zaionean, zabortegietako “garbitzaile” fina ere izan daiteke. Bestalde, uda-bukaeran matxinsalto- eta txitxarra-ehiztari izatera alda daiteke; beti ere proteinak dituen edozer jateko gai bait da, jakia ugaria baldin bada behintzat.
Etologikoki bakarzalea den arren, baldintza ekologikoek —eta bereziki elikagaien eskuragarritasunak— baimentzen dutenean, miru beltza multzo handitan ager daiteke eskualde batean. Horregatik, mendi magal berean, eta metro gutxiko bidean hainbat habia ikus daiteke batera ugal sasoia iristen denean. Honelakoetan miru beltzak, jokabide lurraldekoiak ageri ditu, baina hala ere nahikoa onartzen ditu espeziekideak, baldin eta hauek habiaren ingurune hurbilenetara gerturatzen ez badira.
Habia zuhaitzetan eraikitako zotzez eta adarrez osatutako egitura trinkoa izaten da, eta bertan paper, plastiko, zatar eta beste hainbat hondakin aurkitzen da sarritan. Miru beltzaren kasuan, ugal sasoian zehar sexuen arteko lan-banaketa nabaria da oso. Emea arrez zipristindutako 2-4 arrautza zuriren txitaketaz arduratzen den artean, arrak jakiak eskuratzen ibili beharko du, aldi berean habia inguruko lurraldea defendatuz. Lan-banaketa hau dela eta, eta bikotearen batasuna mantendu beharraren ondorioz, miru beltzen kasuan kopulak txitatze-garai osoan zehar gertatzen dira. Era berean, lurralde batean elikagai gutxi denean, edota arrak nahikoa jaki lortzen ez duenean, emearen eta txitoen beharrak asetzeko, poliandria-fenomenoak ere gerta daitezke. Horrelakoetan eme berak bi edo hiru arrekin kopulatzen du, berauek ere txitoak hazten laguntzen dutelarik.
Arrautzen txitaketa 32 egunez luzatzen da, eta epe horren buruan jaioko diren txitoak lumaska zuriz jantzita munduratzen dira. Txitoak zertxobait kozkortu artean, berauen eta emearen elikadura, arraren eginkizuna izango da oraindik ere. Hirugarren edo laugarren astetik aurrera ordea, emea ere habiatik kanpora irteten hasten da, eta kumeen elikatze-lanak bien artean burutzen dituzte.
Hegazti hauen aukera trofikoen zabaltasuna dela eta, txitoen artean ez da liskar eta lehiaketa handiegirik izaten, eta ondorioz, jaiotako txito gehienak hegatzeko prest egon ohi dira sei asteren buruan. Nolanahi ere, miru gazteek oraindik beste hiruzpalau aste emanen dituzte habia inguruetan hegaka, uztail aldera Afrikaranzko bideari ekin eta Sahararen hegoaldeko neguko lurraldeetara abiatu aurretik.
Euskal Herrian miru beltza habiagile arrunta da Araba osoan, eta bereziki Lautadan, Zadorra ibaiaren arroan eta Ebro inguruan. Kantauri aldean berriz, askoz ere urriagoa da, batez ere Bidasoaren itsasadarraren inguruan eta Lapurdin bizi delarik. Azkenik, Nafarroan eta Zuberoan ere ia nonnahi aurki daiteke, baina ugariena Nafarroako erdialdean eta Erriberan da. Espeziearen egungo egoerari dagokionean berriz, nahikoa ona dela esan genezake, honen arrazoi nagusiak, besteak beste, animaliaren izaera oportunista eta gizakiarekiko duen interferentzia eskasa direlarik.
FITXA TEKNIKOA MIRU BELTZAESPEZIEA: Milvus nigransFAMILIA: AKZIPITRIDOAK
ORDENA: FALKONIFORMEAK
KLASEA: HEGAZTIAK