}

MIR Pazifikora eroriko ote?

2000/10/31 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

finantzatzeko diru pribaturik atzematen ez badute, Ozeano Pazifikora botako dute, otsailean.

Aurten, jadanik, hiruzpalau aldiz atzeratu dute errusiarrek MIR estazioaren deuseztatzea. Arazo teknikoak

Errusiarren MIR estazio ospetsua, datorren otsailean, Pazifikora botako omen dute. Hala iragarri zuen behintzat Ilia Klebanov, errusiar lehen ministrordeak. Erabaki ofiziala Vladimir Putin Presidentearen esku dago orain. Ez da erabaki erraza, MIR Errusiak Estatu Batuei aurre egiten zien garaiko sinbolo historikoa baita. Errusiak onartu du krisi-garaian dela, eta ezinezkoa zaiola 1986tik espazioan dagoen estazioa mantentzea, batez ere orain, Nazioarteko Espazio Estazioa martxan jartzeko gehitu zaizkien gastuak kontuan hartuta.

Urte honen hasieran plazaratu ziren MIR suntsituko zutela zioten lehen zurrumurru esanguratsuak. Lehenik, otsailerako jarri zuten data, baina, proiektu handi batzuk zirela medio, udara arte atzeratzea erabaki zuten. Ondoren, baldin eta finantziaziorik bilatzen ez bazuten, MIRen ‘bizia’ hil honetan amaituko zela adierazi zuten. Orain, berriz ere, otsaila arte ez desegitea deliberatu dute.

Erabakia batez ere alde ekonomikoari eta politikoari lotua dago, nahiz eta alde teknikoari begiratuz gero ere zailtasunak dauden. Aditu errusiarrak hainbat aukera aztertzen ari dira. Dirudienez, deuseztatzeko bide egokiena bereziki prestatutako Progress espazio-ontzi batek MIR poliki jaitsiaraztea izango da. MIR ez dago erortzean atmosferak sortuko dion marruskadura jasateko prestatua. Ondorioz, lurzorutik 80 kilometroko distantziara dauden atmosferako geruza dentsoekin topo egingo duenean parte handiena erre egingo da. Desegiten ez dena, berriz, batere arriskurik sortu gabe, inor bizi ez den Ozeano Pazifikoko leku batera eroriko da.

Horrela desegin ezean, zatikatu ondoren banaka-banaka zatiak botatzea, misil batekin deuseztatzea edo dagoen lekuan uztea ere pentsatu dute.

Ezin erabaki

Bitartean, MIR ezustean lurrera eror ez dadin, Errusiak erregaiz beteriko Progress espazio-ontzi bat jaurti behar izan du. Jaurtiketa hori hogei milioi dolar kostatu zaio, eta, gainera, onartu du Nazioarteko Espazio Estaziorako Errusiak hartu dituen engaiamenduekin ez datorrela bat. Izan ere, Errusiak estatubatuarrei zin egin die MIReko gastuak diru pribatuz finantzatuko direla, diru publikoa Nazioarteko Espazio Estaziorako bideratzeko. Bistan da MIRen etorkizuna Putinen esku badago ere desegitearen aurkako zein aldeko iritziak kontuan hartu beharko dituela.

Deuseztearen alde NASA agertu da, Nazioarteko Espazio Estazioaren kalterako errusiarrek indar eta diruak sakabanatzeaz aspertuta.

Aurkako iritzia dute, berriz, errusiar nazionalistek eta konponketez arduratu den MirCorp elkarteak. Elkarteko presidente Jeffrey Manberrek Putini eskutitz bat helarazi dio, dirua lortzeko hilabete batzuk besterik ez dituela behar jakinarazteko.

Errusiako Agentzia Espazialetik adierazi dutenez, otsaila bitarte MIR espazioan atxikitzeko dirua lortuko balitz, berriz ere deuseztatzeko asmoa atzeratu egingo litzateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia