}

Mir estazioa

2000/02/06 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Oraindik ez da data zehatzik ezagutzen, baina itxura guztien arabera udaberriaren erdialdera -maiatzean edo- MIR espazioko estazioa desagertarazi egingo dute. Dena den ezin segurtzat jo, behin baino gehiagotan iragarri baitute MIR estazioaren bukaera. Edozelan ere, itxaropenez, ilusioz, arazoz, arrakastaz eta porrotez betetako hamahiru urte izan dira.

John F. Kennedyk 60.eko hamarkadan estatubatuarrei Ilargira heltzeko erronka bota zienean, Estatu Batuetako zaurietako bat estali nahi zuen. Izan ere, Sobietar Batasuna aurretik zen espazioko lasterketan: Sputnik eta Juri Gagarin gehiegi ziren estatubatuarren urguilurako. NASAk motorrak berotu eta gero, 1969ko uztailaren 20an Buzz Aldrin eta Neil Armstrong-ek Ilargia zapaldu zuten. Gerra hotzean lasterketa espaziala bero-bero zegoen.

1980.eko hamarkadarako gerra hotza bera ere hozten hasita bazegoen ere, MIR estazioa orbitan jartzea kolpe handi samarra izan zen NASArentzat -eta, ondorioz, Estatu Batuentzat-. MIR estazioaren lehen modulua -Gune modulua-, 1986ko otsailaren 20an jaurti zuen espaziora Sobietar Batasunak. Hilabete lehenago -urtarrilaren 28an- estatubatuarren Challenger transbordadoreak eztanda egin zuen Kennedy lurmuturretik irten eta segundo gutxira. NASAn porrota eta Sobietar Batasuneko Espazio Agentzian arrakasta.

Gune moduloa MIR estazioaren bihotza izan da. 1986ko martxoaren 13tik aurrera, 73 egunez, Leonid Kizim eta Vladimir Soloviov kosmonautak han egon ziren. Sobietar Batasunak heroi bihurtu zituen; eta, haiek bezala, baita MIR estazioan egon izan diren beste batzuk ere. Orbitan egindako egonaldiaren iraupena dela eta, beharbada izenik aipagarriena Valery Poliakov izan daiteke. 439 egun iragan zituen MIR estazioan sartuta.

Denborak aurrera egin ahala, piezaz pieza eraiki zuten espazioko lehen hiria. Estazioaren azken modulua, Spektr modulua, 1995. urtean jaurti zuten. Bitxia ere bada hori, teorian MIR estazioa 1991. urtean desagertarazi behar baitzuten. Kontua da ordurako jada ez zegoela Sobietar Batasunik; hortaz, Errusiak estazioa espazioan uztearen aldeko apustua egina zuen. Dena den, MIR ari iritsi zaizkio azken egunak. Arrazoiak? Batetik arazo teknikoak; bestetik ekonomikoak; eta, azkenik, Nazioarteko Espazioko Estazioa. Espazioan eraikitzen ari diren herria -lau futbol-zelairen parekoa-, ezin da errusiarren eskarmentua, teknologia eta lankidetza barik eraiki. Guztia dute errusiarrek, bi proiektuak orbitan jartzeko dirua izan ezik. Beraz, zaharra lurrera eta berria airera.

Etorkizuneko kontuak dira horiek, baina MIR estazioa dagoeneko iragana da. Nolakoa izan den gutxi gorabehera azaldu dugu, egunerokotasuna nolakoa izan den ez ordea. Hamahiru urteko historian, espazioko hiri honetan 130 lagunetik gora egon dira. Han barruan tenperatura beti 18 eta 28 gradu zentigrado artean egoten da, eta airearen umeltasuna % 30- 70 bitartekoa izaten da. Aldi berean han egon daitezkeen 5 edo 6 lagunak denetarik duen espazioko etxetxoan bizi dira. Formari eusteko, arrabolean, bizikletan edo korrikan ibil daitezke. Grabitatearen ondorioz gorputza gogortzen hasten bada, kosmonautek badituzte odolaren zirkulazioa bizkortzeko jantzi bereziak. Eta garrantzitsua den zerbaiten falta sumatzen badute, Lurrera eskatu eta Progress mezulariek eramango dute estaziora. Barrualdean inor gal ez dadin, MIR aren barrualdea kolore desberdinez margotuta dago, lurra ez da hormen berdina, eta hormak ez dira sabaiaren berdinak. Beraz, bizi-baldintzek ez dirudite oso txarrak.

Estazioa kontrolatzen den moduluaren barruko elementu guztiak lurrera lotuta daude: estazioko sistemen kontrol- eta agindu-panelak, bisore optikoak, mugitzeko tresnak, irrati eta telebistak, elektrizitate-sistemak eta abar. Mugitzeko, MIR estazioak atzealdean dituen bi motorrez baliatzen da, biak gas konprimitua erabilita dabiltzanak. Hala ere, eguneroko energia-premia asetzeko, MIR estazioa eguzki-panelez baliatzen da. Bi eguzki-panel ditu espazioko estazioak, bakoitza 38 metroko luzerakoa. 1997. urtean istripua gertatu zen horietako batean, kalteak izan zituen eguzki-paneletako batek eta estazioan zeuden hiru kosmonauten bizia arriskuan egon zen. Izan ere, instalazio horietatik sortzen den elektrizitatearen baitan daude MIR orbitan egotea posible egiten duten sistema guztiak.

Esan bezala udaberri aldera sarraraziko dute MIR estazio zaharra atmosferan. Adituek uste dutenez, atmosferan sartzean estazioko kanpoaldeko elementuak erre egingo dira, baina egituraren zati batzue tenperatura altuak jasan ahal izango dituzte eta Ozeano Barera eroriko omen dira. Teoria da hori guztia, lehendik ere sateliteen zati guztiak ez baitira itsasora erori.

MIR -a zatika

  • Priroda , espaziotik Lurra ikertzeko laborategia.
  • Spektr , zientzia geofisikoen laborategia.
  • Mir -en nukleoa , estazioaren oinarrizko kontrolak.
  • Progress , materialak eramateko garraioak.
  • Kvant 1 , behaketa astronomikorako kontrolak eta estazioaren oinarrizko kontrol batzuk. Soiuz-a aparkatzeko tokia.
  • Kvant 2 , urrutiko agintea eta espaziora aterako presurizazio-kabina.
  • Soiuz-TM , kosmonauten garraioa, gehienez 3 lagun.
  • Kristall , materialen produkzioa. Argazki-oina: MIR -ak Lurrari 70.000 biratik gora egin dizkio.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia