}

Minbizia. Onkologiaren gaurko egoera

1988/06/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Horra hor jendearen kezkak eta estutasunak sorterazten dituen hitza. Zer da minbizia? Zerk sortzen du minbizia? Zeintzuk dira bere sintoma edo zeinu nagusiak? Nola trata daiteke? Galdera horiei eta gure irakurleari burura etorriko zaizkion beste batzuei erantzuten saiatuko naiz ondorengo lerroetan.

Minbizia izaera gaiztoa duen eritasuna da. Minbizia tumorea da. Eta tumorea latinezko hitza da; hantura, inflamazioa esan nahi duena. Kistea, edo forunkulua ezin daiteke tumoretzat hartu; ezta larruazalaren azpian edo muskulu-ehunean pilatzen den odol-isuria ere. Tumoretzat ehun baten barnean gehiegikeriaz eta autonomoki zatitu eta ugaltzen diren zelulen multzoa kontsideratzen da, normalean.

Gorputzeko ehun guztiak izan daitezke tumoreen sorleku, edozein organotan kokaturik daudela ere. Eta non kokatzen diren edo zein ehunetatik eratorriak diren kontu, izen desberdinak hartzen dituzte: lipomak, sarkomak, osteomak, miomak, neuromak, etab. Ehun epitelialetik sortzen direnak dira kantzerrak, zentzu hertsian; aho, hestegorri, urdail, prostata, titi, umetoki-lepo eta bestelako ehun epitelialetan sortuak, adibidez.

Tabakoa eta minbizia lotzen dituen propaganda-kanpaina baten iragarkia. Britainia Haundian eginikoa da.

Eta nondik dator, bada, kantzer hitz hau? Grekozko KANKREI hitzetik hain zuzen; KARRAMARRO esan nahi duenetik. Eta zergatik izendapen hori? Ehun tumorala inguruko ehunetan irmoki itsasten delako, edo agian tumorearen inguruko odol-basoek eta linfatikoek karramarroaren hanken antza hartzen dutelako.

Tumoreak onberak edo gaiztoak izan daitezke. Lehenengoetan zelulak azkar ugaltzen dira, beren forma eta sortzen dituzten entzimen funtzioa aldatu gabe. Beren zelulek ez dituzte gertuko ehunak inbaditzen, eta ez dira barreiatzen gorputzean barrena. Tumore gaiztoak, ordea, zelula atipikoz osatuak daude. Zelula hauek heldugabeak dira, oso azkar hazten dira eta inguruko ehunak inbaditzen dituzte beren mugak errespetatu gabe. Askotan zelula kantzerosoak linfa-hodi edo odol-basoetan barrena barreiatzen dira beste ehunetara, hauetan metastasiak, h.d. kantzer berriak, sortuz.

Aurreko bereizketa hori ez da beti hain argia. Zoritxarrez zenbait kasutan, tumore bat onbera izatetik gaiztoa izatera pasatzen da, edota kokatua dagoen lekuagatik oso ondorio txarrak ekar ditzake, nahiz eta onairea izan (garunekoak, adib.). Bestalde, tumore gaiztoek zenbait kasutan hazkunde motel eta geldoa dute, gaixoa urte askotan bizi daitekeelarik.

Minbizia ehun eta organo guztietan ager daiteke, maizenik erasaten direnak urdaila, hestea, birika, titia, umetokia, prostata eta ahoa izanik. Minbizi-mota bakoitzak bere zeinu bereziak ditu, tumorearen susmoa eman diezaguketenak, eta horregatik zeinu horiek ahalik eta azkarren sumatu eta atzematea komeni da. Horrela, diagnostikoa azkar egitea lortuz gero, minbiziak eboluzio-denbora laburra izango du, eta zelula kantzerosoak beste ehunak inbaditu aurretik lan egin dezakegu.

Guzti horretarako komeni da heziketa sanitarioa hobeagotzea. Bide honetan, diagnostikorako lagungarri gerta daitezke zenbait minbizi-motatan egiten diren miaketa sistematikoaren kanpainak; adibidez, miaketa ginekologikoa eta titi-azterketa, adin jakin batetik aurrera umetoki-lepoko eta titietako minbiziaren diagnostiko goiztiarra egiteko burutzen direnak.

Tratamenduari dagokionez, gaur egungo ezagutzekin, ongi aplikatzen direnean, dauden minbizietatik heren bati ekidin dakiokeela esan genezake, beste heren bat senda daitekeela eta sendaezinezko minbizirik gehienetan mina ezabatzeko eta arintzeko bitartekorik badugula.

Hiru dira gaur egun minbiziaren tratamenduan funtsezko baliabideak: kirurgia, erradioterapia eta kimioterapia, askotan hiru tratamendu-mota horiek elkarrekin konbinatu beharra dagoelarik. Zenbait kasutan, kirurgia egin ondoren komenigarri gerta daiteke erradioterapiaz jarraitzea, operazio bitartean tumoretik askatu eta odol-korrontearen bidez gorputzean zehar hedatu diren zelula kantzerosoak suntsitzeko.

MINBIZIAREN KONTRAKO DEKALOGOA

Zenbait minbizi-mota ebita daiteke.

    1. Ez ezazu erre. Erretzaile bazara, utz ezazu tabakoa ahalik eta lasterren, eta ez erre besteren aurrean.
    2. Edari alkoholikoekin neurriz ibili.
    3. Eguzki-esposizioaren gehiegikeriak baztertu.
    4. Osasun eta segurtasuneko arauak bete, langiroan bereziki, minbizia sor dezakeen edozein substantziaren produkzio, manipulazio edo erabilerari buruz.
    Ondorengo bi arauei jarraituz gero, zure osasuna hobetzeaz gainera, minbizi-mota batzuk jasateko arriskua murriztu egiten da.
    5. Jan itzazu sarritan fruta eta barazki freskoak, eta zuntz-edukin altua duten zerealak.
  • 6. Pisu-gehiegikeriarekin kontuz ibili eta gantz-kontsumoa murriztu.

Minbizi-mota gehiago sendatuko lirateke lehenago atzemanez gero.

    7. Zoaz zure medikuarengana kozkorren bat, orinen batean aldaketarik edota ez ohizko odoljariorik nabaritzen baduzu.
  • 8. Zoaz medikuarengana ondorengo asalduraren bat modu iraunkorrean baduzu: eztula, erlastasuna, libratzeko azturen aldaketa edo arrazoirik gabeko pisu-galera.

Emakumezkoentzat

    9. Egizu aldizka baginako frotis bat.
    10. Kasu egiezu zure bularrei, eta ahal izanez gero, egizu berrogeitamar urtetik aurrera mamografia bat bost urtetik behin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia