}

Minbizia hiltzeko birusa

2001/08/30 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


Minbizi-zelula askok mutazio komun eta esanguratsu bat dute. Suitzan, mutazio hori daukaten zelulak bakarrik hiltzen dituen birusa atzeman dute. Minbizia tratatzeko bide berri baten hasiera ote?

Ezagutzen diren minbizi-moten erdiak edo ezaugarri komun bat du: mutazioa dute p53 deritzon genean. p53 geneak ADNa kaltetuta dagoela adierazten duten seinalea ezagutzen du; seinale hori agertzen denean, zelularen nukleoan metatutako p53 proteinak kaltetuta dagoen ADNa kopiatzea eragotzi edo, bestela, hiltzera bultzatzen du.

Baina mutazioa duten zeluletan ez da p53 proteinarik ekoizten, prozesu horiek ez dira behar bezala gertatzen eta minbizia sortzen da. p53 genearekin lan eginda, minbiziaren kontrako tratamendu espezifikoak bila daitezkeela uste da eta, hain zuzen ere, Suitzan aurkikuntza itxaropentsua egin da: p53 genean mutazioa duten zelulak bakarrik hiltzen dituen birusa atzeman du Peter Beard ikertzailearen taldeak.

Elkartutako adenobirusak laborategian sintetizatu nahian ari zirela egin zuten aurkikuntza. Elkartutako adenobirus batekin kutsatutako zelulen artean, p53 proteina ez zutenak hil egiten zirela ikusi zuten. Ezustekoa ikerketa-lerro bilakatu eta saguekin hasi ziren lanean. Orduan, elkartutako adenobirusa emanda saguen tumoreen tamaina murriztu egiten zela ikusi zuten.

Kalterik ez

p53 genea mutatuta duten zelulak genetikoki eraldatutako adenobirusen bidez hiltzeko hainbat saio kliniko abian dira. Baina Suitzako taldearen elkartutako adenobirusak abantaila handi bat eskaintzen du: adenobirusek ez bezala, ez du gizakia gaixotzeko ahalmenik.

Dena dela, oraindik goizegi da deus aurreratzen hasteko. Bidea urratzen hasi besterik ez dira egin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia