Minbizia ezagutzen. Elikadura-faktoreak minbiziaren epidemiologian
1988/06/01 Karrera, Jesus Mari Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gero eta argiago dago, tumore gaizto askoren agente eragileak neurri handian kanpoko faktoreak direla. 1984.ean adibidez Estatu Batuetako Minbiziaren Institutu Nazionalak, minbiziarekin loturiko arrisku-faktoreen sailkapenean, elikadurarekin erlazionaturikoei atxekitzen zizkien portzentaiarik handienak. Institutu horrek honela banatzen zituen arrisku-faktore horiek taldeka:
Dena den, datu hauek ezin dira soilik (isolaturik) hartu. Minbiziaren eragina aztertzerakoan gizarteak azken urte hauetan osasunarekiko duen ikuspegi berria eta bizitza luzeagotzeko itxaropena ere, aurreko faktore horiekin batera kontutan hartzeakoak dira.
Baina faktoreak faktore, egia da Estatu-mailan, azken mende honetan, tumore gaiztoen ondorioz hilkortasun-tasak gorantz doazela: mende hasieran heriotz guztien % 1,3 zen minbiziagatiko heriotza, 1950ean % 16,9 eta 1979an berriz 19,6 izatera iritsi zen.
Sexua kontutan hartuz gero, hilkortasuna gero eta handiagoa da gizonezkoengan, biriketako minbizia nagusitzen delarik, eta baita emakumezkoengan ere, bularreko minbiziaren ondorioz.
Urteroko minbizi berriei dagokienez, Minbiziaren Erregistroek adierazten digutenaren arabera, Estatu espainolean 100.000 biztalentik 250-300 bitartean dago oraindik zoritxarrez.
Aldez aurretik zera aipatu behar dugu: azalpen honetan ez garela analisi epidemiologikoa urratzen saiatuko eta ezta bere barne-arazoak aztertzen ere. Minbiziaren estadio desberdinetan, nolabaiteko eragina izan dezaketen dietaren elementuak bakarrik bereiziko ditugu. Aipatu beharrekoa da hala ere, metodo epidemiologikoa eritasun luze eta degeneratiboak aztertzeko metodo baliagarria dela eta bestalde, arrisku-faktore hauek kolektiboki prebeni daitezkeela, hau da, osasun publikoaren arloa landuz gero.
Dieta eta zuntz-edukinak
Badirudi, barazki eta zereal gehiago janez gero, hesteetako minbizi-arriskua murriztu egiten dela. Arrisku-murrizketa janari horien bidez gorozkien bolumena handitu eta hesteetako iragatea azkartu egiten delako gertatzen da. Aldi berean, egon daitezkeen kartzinogenoak disolbatu eta kartzinogeno horiek heste-mukosan eragiteko ahalmena murriztu egiten da.
Ikerketa eta kontrol batzuk egin izan dira maila honetan, ohizko dietan zuntz-kantitate desberdinak irensten dituzten biztanleak konparatuz. Dena den, nahiz eta erlazioa dagoela onartu puntu ziurtaezin asko dagoenez, gaur egun ditugun datu epidemiologikoen arabera ezin zaio zuntz-edukin handiko dieta edonori aholkatu.
Dieta batean, eremu desberdinetako minbizia eragiteko gai den elementu asko egon daiteke. Batzuk berez dira kartzinogenoak eta beste batzuk zelula gaiztoak bultzatu eta areagotzen dituzte. Ondoren, kaltegarriak izan daitezkeen elikagai batzuk aipatuko ditugu, baina adibide gisa soilik hartu behar dira; guztiak ez bait daude barne.
Gantzak
Gantzetan eta haragitan aberatsak diren dietak aipatu izan dira hesteetako-minbizian eraginik handiena zutenen artean. Jaki hauek behazun-azido eta esterolen gehiegizko formazioaren eta bakterio-ihardueraren, (gehienetan anaerobioa da) bidez substantzia kartzinogenetikoak eratzen dituzte. Gantza, prostatako eta bularreko minbiziarekin ere erlazionatu izan da. Dena den, badirudi hauetan zerikusi handiagoa gantz poliasegabeek dutela.
Bitaminak eta azaren familiako berdurak
Elikagai hauek nitrosaminen formazioa eragozten eta bakterio-aldaketak murrizten izango lukete eragina.
Zenbait kasu aztertuz, badirudi elikagai hauek birika, laringe, maskuri, aho, umetoki-lepo, heste eta prostatako minbiziekiko efektu babeslea dutela. Baina animaliekin egindako esperimentuek A bitaminaren gehiegikeriak zenbait minbizi-mota eragiten ez ote duen ere zalantzan jartzen dute.
Alkohola, kafea eta edulkorante sintetikoak
Frogatuta dago gehiegizko alkohol-kontsumoaren eta aho, faringe, hestegorri eta laringeko minbiziaren arteko erlazioa.
Zenbait azterketek adierazten dutenez, maskuriko minbizia areagotu egiten da kafezale amorratuetan.
Edulkorante sintetikoei dagokienez, animaliekin egindako esperimentuek erakusten dutenez, hauetatik asko hartuz gero sortzen da. Dena den, emaitza hauek, oraingoz behinik behin ezin zaizkio gizakiari gainjarri.
Dietako beste zenbait agente
Beste hainbat agente ere garrantzitsu izan daiteke minbiziaren sorkuntzan, baina horien eragin zuzena baieztatzeko beharrezkoa da xehetasun handiagoko ikerketak egitea. Dena den aipatzekoak dira B aflatoxina, selenioa eta kontserbatzaile gisa erabiltzen diren nitratoa eta nitritoak.
Epidemiologiaren bidez eskuratutako datuak beraz, ez dira nahitaez erabatekoak, eta osasun publikorako interesgarriak izanik ere, ez dira derrigorrez hartu beharrekoak.
Minbiziaren aurkako zenbait gomendio
Beraz, gaur egun ez dagoela minbiziaren aurkako dietarik ondoriozta genezake, baina bai arazo honi aplika dakizkiokeen gomendio-multzoa, hala nola:
- Kalori gehiegi dituzten janari-anoak murriztea.
- Zuntz begetaletan aberats diren jakien kontsumoa gehitzea.
- Gantzak eta batez ere animali gantzen kontsumoa murriztea, gantz-ekarpena kalori ekarpen guztiaren % 25 - 30 baino handiago izan ez dadin.
- A eta C bitaminetan aberats diren elikagaiak maiz kontsumitzea (frutak, barazkiak, etab...).
- Jaki ketu edo asko erretakoen kontsumoa mugatzea. Gauza bera ondutakoekin egitea.
- Gehiegi maneatutako jakiei ekiditea.
- Janari edo edari beroegirik ez hartzea.
- Elikadura-erritmo egokia izatea: jatorduak zaindu.
- Aho eta hortzetako garbitasuna mantentzea.
- Alkoholismoa eta tabakismoa baztertzea.
Osasun publikoa areagotzeko oztopoak
Neurri hauek eta antzekoak izango lirateke beraz, ikerketa epidemiologikoen ondorioz osasun publikoa sendotzeko hartu beharrezkoak, baina sarritan aplikaezintzat jotzen ditugu. Zergatik? Zentzu honetan ondorengo arazoak aipatuko genituzke:
- Minbiziaren aurkako dietarik ez egotea.
- Elikadura-produkzioaren eta munduko biztanleriaren arteko desproportzioa. Ekonomiaren atzerapena.
- Elikagaien produkziorako arazoak.
- Gizarteak jan-edanerako dituen ohiturak aldatzeko eragozpenak.
- Elikadura eta mantenuaren arloan heziketa-sanitarioaren garrantzia.
Beraz, osasun publikoa sustatzea helburu duen edozein egitarauk, hiru ardatz euskarri behintzat izan beharko lituzke: ikerketa epidemiologikoa, minbiziaren oinarrizko ikerketa biokimikoak eta ikerketa klinikoak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia