Minbizia borrokatzen
1988/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kanadiar kirurgilari batek burmuin-minbizia borrokatzeko metodo berri bat garatu du. Burmuineko minbiziak zailak dira kimikoki tratatuak izateko. Honen arrazoitako bat zera da: gorputzak substantzia asko odoletik burmuinetara pasa daitezen eragozten duen hesi moduko bat izatea. Botika askok ez dute odola/burmuina hesia gaindituko, edo handiegi direlako edo gantzetan disolbagarriak ez direlako.
Egungo botika antikantzerigenoak oso toxikoak dira bestalde eta ez die minbizia duten zelulei espezifikoki erasotzen. Hazte azkarreko zelula guztiak hiltzen dituzte, nolakoak diren begiratu gabe.
Badago hirugarren arazoa ere. Botika tumoreraino iritsi beharrean odolean banatzen da eragina izan aurretik.
Tratamendurik egokiena, botika zuzenean tumorean jartzea izango litzateke. Hau da hain zuzen Guy Bouvier-ek, Montrealeko Notre Dame ospitaleko neurokirurgilariak, egin duena. Bere metodoak ez du kirurgia handirik behar eta ederki dabilela dirudi.
Bouvier-en teknika ez da guztiz berria eta epilepsia elektrodoen bidez tratatzean izandako esperientzia aplikatu du minbizia katetereen bidez tratatzeko. Katetereak plastikozko hodi malguak dira eta gorputzean likidoak sartzeko erabiltzen dira.
Kirurgi lanetan hasi baino lehenago tumorearen hiru dimentsioko mapa egiten du scanner baten bidez. Ondoren kirurgiaz katetereen ahoak tumoretik 1 cm-ra ipintzen ditu eta prest dago botika sartzeko. Horrela 10-14 egun egon ondoren, hodiak atereak izaten dira eta prozedura bukatutzat ematen da.
Bouvier-en arabera, katetere jartze eta kentzeak ez du ondoriorik eta gainera gaixoek ez dituzte kimioterapiaren ohizko ondorioak, (nausea eta ile-galtzea) pairatzen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia