Elkarrizketa

«Mina burmuinean sortzen da»

Minari buruz hitz egin du Izaskun Hernández anestesiologoak. Min iraunkorrari aurre egiteko, estrategia farmakologiko tradizionalari bestelako ikuspegi bat ari zaio gehitzen azkenaldian. Izan ere, gorputzak estimulu mingarri bat jasotzen duenean, burmuinak emozioekin eta memoriarekin lotutako beste eremu batzuekin batera interpretatzen du seinalea. Minari buruz dugun ezagutza guztia hankaz gora jarri digu.

Guk “mina” deitzen diogu, modu orokor batean, baina min guztiak ez dira berdinak, ezta?

Mina oso pertsonala da, pertsona bakoitzak sentitzen du bere mina. Bere lesioarekin eta bere egoera pertsonalarekin du zerikusia. Ezin dugu esan norbaitek ez duela minik, edo baten mina bestearena baino txikiagoa denik, bakoitzak bere pertzepzio propioa duelako.

Zer min-mota daude? Badago sailkapen bat egiterik?

Normalean bi minei buruz hitz egiten da: "akutua" eta "kronikoa". Iraupenaren arabera sailkatzen da mina: hiru edo sei hilabete baino gutxiago irauten badu, min akutua esaten zaio. Eta hori baino gehiagokoa, kronikoa.

Kronikoa ala iraunkorra? Tradizionalki kronikoa deitu zaio, baina badago kontzeptu-aldaketa bat, ezta?

Hori da, gaur egun beste termino bat erabiltzen ari gara: iraunkorra. Hitzak oso garrantzitsuak dira, hitzek berek mina sor baitezakete. “Kronikoa” hitzarekin pentsa daiteke betirako izango dela, beraz estigmatizatzailea da.

Oraintxe aipatu duzu pertsona bakoitzak bere erara sentitzen duela mina, min berdina bi pertsonek desberdin sentitzen dutela. Zergatik?

Bakoitzak bere egoera, bere bizitza eta bere oroitzapenak ditu. Beraz, estimulu berak eragin desberdina izango du bi pertsonentzat, ez da inoiz berdina izango.

Mina neurtzeko modu objektiborik bada? “Zuk hainbesteko mina duzu”.

Bai, saiatzen da neurtzen, baina ez da erraza. Badaude eskala batzuk esateko nondik norako mina duzun. Badaude eskala batzuk kuantifikatzeko: “zerotik hamarrera, zenbat min daukazu?”. Baina, azkenean, zure eguneroko bizitzan eragiten dizun edo ez neurtzen da. Izan ere, hori da garrantzitsuena: zer modutan eragiten dion pertsonari. Zer egin dezakeen eta zer ez.

Minaren pertzepzio pertsonalean, muturreko egoera bat izan daiteke minik sentitzen ez duen jendea, ezta? Ez dakit hori abantaila den ala arriskutsua.

Oso arriskutsua da. Mina ez sentitzea oso arriskutsua da. Minak babesten gaitu. Ezinbesteko funtzioa du. Behar-beharrezkoa dugu. Gaixotasun gutxi batzuetan ez dute minik sentitzen: zauri bat baldin badaukate, ez dira konturatzen, eta zauri hori infektatu daiteke.

Baina egoera jakin batzuetan, mina ez agertzea pertsona babesteko modu bat ere bada. Adibidez, adrenalinaz beteta gaudenean, ez dugu sentitzen minik dugunik. Hasierako unean, beharbada, lehentasuna arriskutik ihes egitea da, sute batean edo istripu batean. Adibide horrekin oso argi geratzen da lesioa eta mina gauza desberdinak direla. Izan dezakezu lesioa eta minik ez, edo lesiorik ez baina mina bai. Biak banatuta agertu daitezke.

Mina burmuinak sentitzen du, beraz?

Mina ez dugu burmuinean sentitzen, burmuinean sortzen da. Sentitu, gure gorputzeko beste atal batean sentitzen dugu.

Moztutako gorputz-adarrek min ematen dute?

Ez. Anputatutako gorputz-atal batek ezin du min-seinalerik bidali, baina galdutako gorputz-adar horri dagokion garuneko eremuak aktibo jarraitzen du, eta, horregatik, anputazio bat jasan dutenen % 80k min handia edo azkura sentitzen du.

"Adar mamuaren sindromea" esaten zaio horri, eta izena oso ongi jarrita dauka, garuna baita existitzen ez den seinale baten interpretazio okerra egiten duena. Sentsazio hori oso bortitza izan daiteke, eta moztutako gorputz-adarra ez dagoenez, tratamendu farmakologikoek ez dute eraginik, ezta muinoiaren nerbioetan eragiteak ere. Plastikotasun neuronala landu behar da arazoari aurre egiteko.

Laburbilduz, ez, moztutako gorputz-adarrek ez dute minik ematen. Kasu horietan, garuna oker dagoela esan daiteke.

Hitz egin dezagun orain mina kentzeko tratamenduei buruz. Antiinflamatorioak noiz eta nola erabili beharko genituzke?

Orain arte ez dira ondo erabili. Uste dut gehiegi erabili direla. Min iraunkorretan, adibidez, ez daude gomendatuta, ez du zentzurik hartzeak. Akutuan bai, badu zentzua, baina ezin da hainbeste luzatu. Eta, gero, badaude beste tratamendu batzuk: opioideak, botoxa, infiltrazioak, kirurgia…

Tratamendua aukeratzerakoan, albo-ondorioak hartzen dira kontuan?

Albo-ondorioak beti daude, medikamentu guztiekin, eta garrantzitsua da pertsona bakoitzari egokitzea. Adibidez, ebakuntza bat egin badiote, ezin diote eman botaka-gogoa ematen duen medikamentu bat. Oso arriskutsua litzateke botaka egitea. Beste zerbait erabili beharko duzu mina kontrolatzeko.

Baina batzuetan ez da jakiten nondik datorren mina, ezta? Zer egiten da halakoetan?

Gaur egun badakigu beti nondik datorren mina. Beti leku beretik dator, burmuinetik. Batzuetan, badauka oinarri fisiko bat. Mina agertzen bada, eta belaunean zeozer dagoela ikusten badugu, justifikatuta dago min hori. Eta beste batzuetan ez. Badakigu nondik datorren, baina oinarria ez dago hor.

Etorkizunean ez dugu minik izango? Zer joera dute tratamendu berriek?

Mina beti izango da, zeren mina, esan dugun moduan, erabilgarria da. Denbora asko daramagu mina oker ulertzen, eta horrek kalte handia eragin izan du. Orain pedagogia asko egin beharko dugu hori dena zuzentzeko, eta pazienteak, min-pertzepzioa izanda ere, gauza desberdinak egitera animatzeko.

Beñar Kortabarria Olabarria

Elhuyar Zientzia Beñar Kortabarriak kazetaritzan lizentziatua da eta Elhuyar Zientziako erredaktorea.

Izaskun Hernández Calvar

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali