Mimetismo akustikoa
2007/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Wake Forest Unibertsitateko ikertzaileek frogatu dute mimetismo akustikoa erabilita saihesten duela sitsak saguzarrak ehizatzea. Zientzialariek susmatzen zuten zenbait animaliak mimetismo akustikoa erabiltzen zutela, adibidez, sugeak, ontzak eta erleak, baina frogatzen duten lehen aldia da.
Mimetismoa, definizioz, espezie batek beste baten antza hartzea da, harrapariak jatea galarazteko. Adibidez, zenbait intsektuk hosto- edo makila-itxura hartzen dute, eta, hala, harrapariak ez ditu ikusi ere egiten. Tximeleta batzuek, berriz, monarka tximeletaren antza hartzen dute, hura pozoitsua baita. Harrapariek ez dituzte jaten, ez benetako monarkak, ezta imitatzaileak ere.
Orain frogatu dutenez, sitsek berdin jokatzen dute saguzarretatik ihes egiteko, baina soinua imitatuz. Hain zuzen ere, sits tigrekarak zapore txarra du, eta frekuentzia altuko soinuen bidez ohartarazten die saguzarrei ez dela jateko ona. Bada, ikertzaileek egin duten esperimentuan, hainbat sits-mota eta bi saguzar-espezie erabili dituzte, eta ikusi dute sitsetako batzuek sits tigrekararen soinua imitatzen dutela, eta, horrela, saguzarrak ez dituela jaten. Aldiz, saguzarrek ez dute inolako eragozpenik antzeko itxura duten baina soinurik igortzen ez duten sitsak jateko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia