}

Mikroteknologia espioitzaren zerbitzura

2003/11/16 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Mikro-tik nano-rako bidean jarri da teknologia. Azken hori hastapenetan dagoenez, etorkizuna ei da; mikroteknologia, aldiz, bizi-bizi dago. Oinarrian mikroteknologia duten produktu berriak egun batetik bestera iristen dira merkatura, alor guztietara. Horietako bat espioitza da, diskrezioaren erreinua.
Hormaz bestalderakoa entzun ahal izateko gailu egoki-egokiak daude merkatuan.

Bere sasoirako, traste harrigarriak erabiltzen zituen 007 agenteak: telefonoa gordeta zuten oinetakoak, pistola bihurtzen ziren boligrafoak, ikusi ezin zen tinta, pistola txiki-txikiak, mini-kamerak, diru-kutxak irekitzeko deskodetzaileak, helikoptero eramangarriak, laserdun erlojuak, motxila erretropropulsoreak, ur azpiko arnasgailuak… Guztiek zuten ezaugarri bera: txikiak izan behar zuten. Izan ere, espioiaren lanbidean oharkabean ibiltzeak balio du.

Sasoi batean pelikuletan baino ikusten ez ziren asmakizun horietako batzuk gaur egun dendetan eros daitezke. Garapen teknologikoak guztion eskura jarri ditu ikusia edo entzuna izan gabe ikusteko eta entzuteko gailuak, erabateko babeserako sarrailak babesik gabe uzteko tresnak, ezkutuan gorde nahi dena agerian jartzen dituzten kamerak…

Goian horma-mikro bat, behean sakeleko telefonoa. Sakelekoaz hitz egitea ez da uste den bezain segurua.

Eskaintza oparoa da, eta prezio-aukera, zabala; irizpidea, berriz, argia: zenbat eta txikiago, garestiago. Mikrokameren mundua, adibidez, adierazgarri-adierazgarria da. 400 euroren bueltan entxufe batean gordetako mikrokamera erostea badago, soinua ere grabatzen du eta koloretako irudiak hartzen ditu. Botoi itxura duten kamerak 800 eurotan lor daitezke, alkandoran jartzeko modukoak. Boligrafoetan ere sartzen dira kamerak. Berrikuntza 600 euroren inguruan dabilen boligrafo batek ekarri du merkatura. Bateria barruan jarri diotenez, kamera bezala ez ezik, boligrafo moduan ere erabiltzea badago.

Boligrafo itxura baino ez duten mikro-kamerak merkexeagoak dira, 300 eurotan saltzen dituzte. Sute-detektagailuetan, sukalde-erlojuetan, alarmetan, ateetako behatxuloetan… sartzen dira mikrokamerak. Kokapena alde batera utzita, funtzionamendu oinarri bera dute gailu horiek guztiek: irudia eta soinua grabatzen dituzte eta, gero, irrati-uhin bidez hargailu batera igorri. Irudiaren eta soinuaren kalitatea nolakoa den, zenbateko autonomia duen eta transmisioa kable bidez edo haririk gabe egiten den kontuan hartuta merkeagoak edo garestiagoak izango dira.

Batzuetan irudiak jasotzea eta grabatzea ez da beharrezkoa izaten; nahikoa izaten da soinua jasotzearekin. Noski, teknologiak horretan ere urrats nabarmenak egin ditu; botoi batean soinua eta irudia jasotzen dituen mikrokamerak jar badaitezke, mikrofono txiki bat non ezingo da ezkutatu? Edozein tokitan, kontsumoa txikia izanik, energia ematen dioten gailuak ere txikiak direlako. Telefonoetan, boligrafoetan, argazki-kameretan, jertseetan, irratietan... edozein tokitan. Hormen bestaldekoa entzuteko aukera eskaintzen duten mikrofonoak ere badira merkatuan. Enfin, 25 eurotik gora mikrofonoen eskaintza handia dago.

Goian haririk gabeko audiofonoa, erdian Mikrokamera bat, eta behean mikrokamera boligrafoan.

Telefono-espioien teknologiak ere asko aurreratu du. Komunikabideek behin baino gehiagotan jaso —eta batzuetan eman— dute horren berri. CESID laburtzapena, besteak beste, ezkutuko entzuketekin lotzen da. Zerbitzu sekretuek gailu sofistikatuagoak erabiliko dituzte, baina merkatuan aurki daitezkeenak ez dira makalak. Sakelako telefonoak dira berrikuntza. Elkarrizketak entzuteko balio dute. Telefono-zenbaki batera deia egin eta, automatikoki, telefono hartatik edo hartara egiten diren dei guztiak entzuteko aukera ematen dute. Modelo aurreratuenek GPSa ere badute, elkarrizketak entzuteaz gain, hizketan ari direnak nondik ari diren jakiteko. Beraz, tabernan zaudela "bulegoan nago, berandutu egingo zait etxera iristerako" esatea dagoeneko ez da hain erraza izango. Luxua ordaindu egin behar izaten da, eta, normala denez, telefono horiek ohiko sakelako telefonoak baino garestiagoak dira, 1.100-1.600 euro balio dute.

Audiofonoak txirrindulariek, telebista-aurkezleek, arraunlariek, bizkartzainek... sarritan erabiltzen dituzten tresnak dira. Telebistan, irudi arruntak dira horiek. Espioitza-lanetan ari direnek ere erabiltzen dituzte, baina ez dira berdin-berdinak izaten. Izan ere, audiofono berrienak ez dira ikusten, belarri barruan ezkutatzen dira. Audiofonoak, oinarrian, irrati-hargailu txiki-txikiak dira, eta, beraz, telefono mugikorren, grabagailuen eta, besteak beste, irratien seinaleak jaso ditzakete. 500-700 eurotan saltzen dituzte.

Jakina, espioientzako teknologia garatu den bezala, kontraespioitza-zerbitzuen teknologiak ere egin du bere bidea. Ezin zitekeen bestela izan. Beraz, ez da zaila telefono mugikorren seinaleak detektatzen eta eteten dituzten gailuak aurkitzea, ahotsa distortsionatzeko aparatuak, irrati-seinaleen detektagailuak, era askotako uhinak blokea ditzaketen gailuak, ezkutuan egon daitezkeen mikrofonoen seinalea aurkitzeko gai diren tresnak, alarmak… guztiak ere mikroteknologietan oinarritutako produktuak.

Edozein seinale aurkitzeko eta eteteko gai den teknologia oso aurreratua dago.

James Bond-ek gustura hartuko lituzke aipatu diren gailu horietako batzuk, baina, argi dagoenez, horrek ez lioke lanik erraztuko, bere arerioek ere eskura izango bailituzkete. Gaitz erdi, bestela 007k errazegi burutuko lituzke-eta jartzen dizkioten lantxoak.

7K-n argitaratua.