Mikroorganismoak, poluzio kimikoaren aurkako gakoa.
2000/10/08 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Poluzioa detektatzeko biosentsoreak erabiltzea ez da gauza berria. Adibidez, meatzariek kanarioak sartzen zituzten meatzetara karbono monoxidoa eta grisua detektatzeko. Era berean, uretako poluzio kimikoa detektatzeko amuarraina erabili ohi da; jakina denez, arrain honek exigentzia handiak baititu bizi lekuaren kalitatearekiko. Gaur egun, poluzio kimikoa detektatu eta deuseztatzeko erabiltzen diren teknikak ideia berean oinarrituak daude, baina txoriak edo amuarrainak erabili beharrean, mikroorganismoez baliatzen dira.
Poluzioa deuseztatzeko, lehenik eta behin, ezinbestekoa da zehazki detektatzea, eta maiz, hor egoten da koxka. Izan ere, orain arte detektatzeko erabili diren teknikek luze jotzen zuten, eta, gainera, garestiak ziren. Teknologia berriak aldiz, poluzioa dagoen lekuan bakterio batzuek ematen duten argiaz baliatzen dira. Argi hori poluzioarekiko proportzionala da, hau da, zenbat eta poluzio handiagoa, orduan eta biziagoa da argia. Ingurunearen kalitatearen diagnostiko adierazgarri eta lasterra egiteko aukera ematen du.
Estatu Batuetako Oak Ridge National Laboratory-ko ikerlariak siliziozko txip bati loturiko bakterioak erabiltzen dituzte hondakin toxikoak garbitu ondoren arrastorik gelditzen den jakiteko. Ingenariek genetikoki aldatuta dagoen mikroorganismo bat erabili dute naftalenoaren –erreakzio-hegazkinen erregaiaren osagaietariko bat– arrastoak aurkitzeko. Konposatu kimiko hori dagoenean mikroorganismoak argitasun urdinska ematen du. Bakterioak txipen azal porotsuaren gainean kokatzen dira eta argi egiten hasten direnean, txipak alarma jotzen du. Ikerlariek espero dute txip horiek leku poluitu guztietan jartzen ahalko direla. Horrela, poluitzaile bakoitzerako mikroorganismo bat erabilita, denbora gutxian eta kostu txikiarekin, poluzio-mota guztiak detektatzeko moduan izango dira.
Mikroorganismoen ahalmena poluzioa deuseztatzeko
Mikroorganismoak planeta honetako organismo primitiboenak dira, eta mikrobiologia alorrean egin diren aurrerapen teknologikoei esker, geroz eta ikerketa sakonagoak egiten dira.
Mikroorganismo horiek badute propietate bat produktu kimikoen erabilera eta poluzioa bera gutxitzen lagunduko duena. Izan ere, mikroorganismoek ez dute poluzioa detektatu soilik egiten, deuseztatu ere egiten dute. Materia sintekiko asko landare eta animalientzat toxikoak izan daitezke, baina oso gutxi dira mikrorganismoek deskonposa ezin ditzaketenak. Jarduera hori kontuan hartzeko modukoa izateaz gain, bakterioek badute beste ezaugarri bat. Mikroorganismo izenak berak argi esaten duen bezala, tamaina txikikoak dira, eta ondorioz, erraz sakabanatzen dira. Gainera, poluzio-mota berriek sortzen dituzten egoeretara erraz egokitzen dira. Horregatik, poluzioak ezustean harrapatzen baditu ere, beren gaitasuna azkar garatzeko ahalmena dute eta laster hel daitezke poluzioa dagoen lekura.
Mikroorganismoak bizkor hazten diren arren, eta sakabanatzeko gaitasun handia duten arren, beren eraginkortasunak huts egin dezake. Horregatik, gerta daiteke aspaldi poluitutako lurzoru batek, oraindik ere, egoera tamalgarria edukitzea. Hutsegite horren arrazoiak konplexuak izan daitezke. Alde batetik, mikroorganismo eskasia edo mikroorganismoen genetika desegokia izan daiteke. Bestalde, poluzioa bera ere izan daiteke hutsegite horren arrazoia. Izan ere, poluzio-tasa altuegia bada, mikroorganismoentzat ere toxikoa gerta daiteke. Era berean, poluzioa baxuegia izan daiteke degradazio-prozesua aktibatzeko. Ingurunearen kondizioak ere, adibidez, azidotasuna, hezetasun-maila edo elikadura, desegokiak izan daitezke mikroorganismoen garapen edo jarduerarako. Izan ere, bizi-baldintzak onenak ez direnean, mikrorganismoen jarduera ez da eraginkorra izaten.
Ikerketen helburua mikroorganismoak aztertu eta deuseztatze-prozesurako baldintza egokienak identifikatzea da. Ingurune baldintzei dagokienez, azidotasuna eta elikadura dira kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsuenak. Dena dela, parametro horiek nola eragiten duten ikertzeko, aldez aurretik poluzioa deuseztatzen duen entzimaren gene sortzailea detektatzea ezinbestekoa da. Ikerlarien lehen lana beraz, gene hori identifikatu ahal izateko testa sortzea izan da. Haien esanetan, horretarako mikrobiologian egin diren aurrerapenak nahitaezkoak izan dira. Gene horren presentzia baieztatu ondoren ikertu ahal izan dute parametroak aldatuz gero zein ondorio izan den.
Ikerketak eta aurrerapenak
Ikerketa horiek beste aurrerapen batzuk ere ekarri dituzte. Ikerlariek mikroorganismo horien jarduera imitatzeko gai diren biosentsoreak diseinatu dituzte.Azken lau urteetan, leku industrial poluituetan erabiltzen dira.Beste aplikazio batzuetan erabili ahal izateko, oraindik biosentsore-barietatea hedatzeko lanean dihardute.Biosentsore-familia berri bat sortzen ari dira antigorputz-zatietan eginiko aldaketetan oinarrituta.
Sistema imunologikoen sentsibilitate eta espezifikazioez baliatuz, poluzio, droga edo birus jakin batzuk detektatuko dituzten bakterio berriak sortuko dituzte.
Teknologia horrek, ingurugiroaren poluzioarekin amaitzeko, era laster, eraginkor eta erabilerraza eskaintzen du. Gainera, animalien defentsan dabiltzanentzat berri pozgarria izango da, dudarik gabe, hemendik aurrera, testak egiteko ez baitira gehiago kanarioak eta amuarrainak erabiliko.
Lurzoruen arazoa 1970eko hamarkadatik dator
Lurzorua, airea eta urarekin batera, lurreko bizidun guztien sostengua da. Hiru elementuak elkarren artean loturik daude erabat. Lurzorua nahiko inguru ahula da eta giza jarduerak bertan eragiten duen inpaktu gero eta handiagoa jasateko ahalmen mugatua du.
Dudarik gabe, lurzoruan finkatuta dauden giza jarduerek, nekazaritza eta industriak, baso-ustiatzeak, azpiegitura handiek, hiri eta herriek eta abarrek aldaketa larriak sorrarazi dituzte.
Lurzoruen poluzioaren gaia 1970eko hamarkadan plazaratu zen, zenbait hiri oso industrializatutan arazoak agertu zirenean. Lurzoruan gai arrotzak, toxikoak, egoteak giza osasunean eragin kaltegarria duela frogatu zen orduan. Halaber, lurzoru poluituetan eraikitzen diren etxe eta azpiegiturek gaixotasunak sorraraz ditzaketela ikusi zen. Azkenik, ekosistemetan sorturiko eragina ere kontuan hartu beharra nabarmendu zen. Euskal Herrian lurzoru poluituen arloan arazorik larriena Bizkaian dago; lindano izeneko intsektizida toxikoa ekoitzi zuten enpresa batzuek milaka tona lur poluitu zituzten.
Lurzorua poluitzen duten gai nagusiak metalak, anioiak dituzten konposatu ez-organikoak (zianuroa kasu), konposatu organikoak, olio eta mundrunak, gas toxiko, leherkor eta itogarriak, substantzia erregaiak, material galkorrak eta hondakin arriskutsuak dira.
Lurzoruen poluzio-maila aztertu eta neurtzeko, poluitutako lekuaren ezaugarriak kontuan izan behar dira, hala nola: industrializazio maila, industria eta nekazaritza mota, egitura geologiko eta hidrologikoa, lurzoru-mota, orografia eta klimatologia, biztanle-dentsitatea, etab.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia