Mikrobio astronautak
2000/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lurreko biziaren sorrera azaltzen duen teoria batek dionez, beste planeta batetik etorritako meteorito batek mikrobioak ekarri zituen eta hauek gure planetan finkatu eta ugaldu ziren. Maryland Unibertsitateko Bioteknologia Institutuak teoria hori zuzena den ala ez ikusteko saiakuntza egingo du espazioan; horretarako, NASAk jaurtiko duen kohetea aprobetxatuko du. Kohetean Archaea izeneko mikrobioak ezarriko dituzte eta Eguzkiak igortzen duen erradiazio ultramorea jasateko gai diren ala ez aztertuko dute.
Planeten arteko espazioa Eguzkiaren erradiazioz beterik dago eta, beraz, beste planeta batetik etorritako bizitza-forma batek erradiazio hori jasateko gai izan beharko luke. Zientzialariek Archaea mikrobioen ADNa aztertuko dute, kalteturik dagoen ala ez ikusteko eta, hala bada, kalteak zenbaterainokoak diren jakiteko. Archaea mikrobioek oso tenperatura- eta presio-baldintza gogorrak jasaten dituzte eta, gainera, metanoa eta erradiazioa jasateko gai direla uste dute zientzialariek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia