Mikhail Gromov, 2009ko Abel sariaren irabazlea
2009/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Geometria eta matematikaren beste arlo batzuk erlazionatzeagatik eman diote saria
Mikhail Leodinovich Gromov matematikari errusiarra da aurtengo Abel sariaren, matematika-arloan urtero ematen den saririk handienaren, irabazlea. Gromov geometra da, gaur egungo geometren artean handienetako bat, eta, laburpen moduan esan daiteke geometriak matematikaren beste arlo askorekin duen erlazioa ardatz hartuta egin duela lan.
Geometria modernoan erreferente argia da Gromov. "Geometria sinplektikoarekin edo geometriaren eta topologiaren arteko erlazioarekin lan egin duen ia edozeinek izan du Gromoven lana erreferentzia gisa" dio Raul Ibañez EHUko matematikari eta geometrak. "2000n Bilbora etorri zitzaigun kongresu batera, eta ordurako eginak zituen bere lanik ezagunenak. Jadanik, geometriaren izen handietako bat zen".
Haren lanaren garrantzia ulertzeko, pentsatu behar da edozein neurketatako datuak kudeatzeko tresnak sortu dituela. Askotan, datu-multzo horrek espazio geometrikoen egitura izaten du. Ez dira nahitaez datu espazialak; proteina baten kontzentrazio-datuak izan daitezke, edo material baten trakzio-probetako emaitzak, edo argazki digitalen pixelen informazioa, edo beste edozein datu.
Matematikariak espazio geometriko bat definitzen du datu horiekin, eta tresna geometrikoak erabiltzen ditu datuak tratatu eta interpretatzeko. Adibidez, distantziak kalkulatu ditzake espazio geometriko horren barruan. Georg Riemann matematikariak sortu zuen metodologia horren oinarria XIX. mendean, eta XX.ean, Gromovek orokortu egin du ikerketa, espazio geometrikoez osatutako espazioak aztertuta. Gainera, Riemannen espazioen topologia ere aztertu du.
Horrez gain, geometria sinplektikoaren sortzaileetako bat izan da. "Distantzien ordez beste objektu matematiko batzuk kalkulatzeko balio duten espazioen geometria da. Besteak beste, sistema fisikoen mekanikaren eredu matematikoak egiteko balio du. Mugimenduak eta abar deskribatzen ditu" azaldu digu Ibañezek.
Bestalde, Gromovek geometria eta aljebra erlazionatu ditu, taldeen teoria geometrikoa landu baitu.
Horregatik guztiagatik, Mikhail Gromov da 2009ko Abel sariaren irabazlea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia