Meteoritoen ehiztariak
2003/06/29 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Lurrazalera iristen diren espazioko objektuei deitzen zaie meteorito. Normalean, asteroideen edo kometen zatiak izaten dira, baina badaude Martetik eta Ilargitik iritsitakoak ere. Hogeita bost bat inguru bakoitzetik. Astronomoek, normalean, osagaien arabera jakiten dute meteoritoa asteroide-jatorrikoa den, edo beste planeta batetik datorren. Baina hori egin ahal izateko, lehenik harrapatu egin behar dira. Eta hori ez da batere lan erraza.
Duela 15-20 urtez geroztik, meteoritoak bilatzeko kanpainak egiten dira. Kanpaina horiek leku jakin batzuetan egiten dira, batez ere Antartikan, baina Saharako edo Atakamako basamortuan ere aurkitu ohi dira. Oro har, geologikoki egonkorrak izan diren tokietara abiatzen dira meteorito-bilatzaileak. Ez denak, ordea. Batzuek nahiago izan dute meteoritoak zerutik noiz eroriko zain gelditu.
Suzko bolen sareak
Hogeigarren mendeko lehenengo urteetan, Ernst Opik astronomoak behaketa sistematikoak egiteko espedizioak antolatu zituen Ipar Amerikako hego-mendebaldeko basamortuetara. Behaketa haietan oinarrituta, meteorito gehienen jatorria izarrarteko espazioa zela ondorioztatu zuen. Hamarkada batzuk geroago, berriz, oso kamera azkarrak erabilita, meteoritoen abiadura neurtzea lortu zuten beste ikertzaile batzuek. Orduan, meteorito gehienen jatorria kometak zirela esan zuten, nahiz eta jatorrizko gorputz askok asteroideen itxurako orbitak izan.
Handik gutxira, meteoritoak eguzki-sistemari buruz ikasteko oso tresna interesgarriak zirela jabetuta, meteoritoak sistematikoki sailkatzen hasi ziren. Eta konturatu ziren Lurrean bildutako milaka meteoritoen jatorria ez zela beti desberdina. Guztiak 10-100 gorputzetatik eratorritako zatiak zirela ondorioztatu zuten.
Garai hartan ez zen erraza meteoritoaren eta jatorrizko gorputzaren arteko harremana finkatzea, baina ez zuten amore eman. Zerua arakatu eta meteoritoak Lurreranzko ibilbidean harrapatzen bazituzten, nondik zetozen kalkulatu eta pista garrantzitsuak eskuratu ahal izango zituztela pentsatu zuten hainbat astronomok.
Pentsatu eta egin. Argazki-kameraz josi zituzten Europako, Kanadako eta Estatu Batuetako zenbait gune, milaka kilometro karratu zelatatu ahal izateko. Helburua esaten erraza da: meteoritoen argazkiak egin, orbitak kalkulatu eta Lurrera eroritako zatiak biltzea. Betetzen, ordea, izugarri zaila suertatu da. Berrogei urtean lau meteorito baino ez dituzte harrapatu.
Ondorioz, Europako sarea da gaur egun martxan dirauen sare garrantzitsu bakarra. Milioi bat kilometro karratu zelatatzen dituzte, Txekian, Eslovakian, Alemanian, Belgikan, Luxenburgon, Suitzan eta Austrian jarritako argazki-kameren bidez. Baina diruz gaizki dabiltza eta boluntarioen lanari esker mantentzen dute sarea.
Berrogei urtean lau
Lehenengo meteoritoa 1959ko apirilaren 7an harrapatu zuten, Europan, garaiko Txekoslovakian. Eta proiektuaren arrakasta txikia izan bada ere, ezin da ukatu gogotsu hasi zirela. Izan ere, lehenengo meteoritoa Europako Sarearen sortzaileetako baten etxe inguruan erori zen eta, hark, etxeko paretak argiztatuta ikusi zituenean, zur eta lur gelditu ordez, telebista zegoen tokira korri egin eta haren dirdira doitu zuen. Erreakzio hari esker, meteoritoaren argiaren intentsitatea kalkulatu ahal izan zuten: ilargiak baino argi gehiago eman zuen.
Bere sarea bera bezain abil ibili zen gau hartan, eta meteoritoaren argazkiak egitea lortu zuten. Horrela, non erori zen kalkulatu eta bi egun geroago 4-5 kiloko harri-kozkorra topatu zuten Pribram herritik gertu. Meteoritoaren osagaiek harri primitiboa zela erakutsi zuten, eguzki-sistema sortzen ari zen garaikoa edo.
Arrakasta haren ondoren, hamaika urteko lehortea bizitu zuten suzko bolen sareek, 1970eko urtarrilera arte ez baitzuten beste meteorito bat ehizatzea lortu. Bigarrena Estatu Batuetan jausi zen, Oklahoman, eta 17 kilo berreskuratu ahal izan ziren. Hirugarrena, berriz, 1977an erori zen Kanadan, 4,6 kilokoa, eta azkenekoa 2002ko uztailean Alemanian.
Lau meteorito bakarrik harrapatu badituzte ere, sarearen azkeneko arrakastak zeresana eman du. Kalkuluen arabera, laugarren meteoritoak eta lehenengoak orbita bera dute, hau da, toki beretik iritsi dira, itxuraz erabat desberdinak badira ere. Ez dute konposizio bera, eta batez ere, ez dute adin bera. Lehenengoak 48 milioi urte pasa zituen espazioan Lurrera jausi aurretik eta azkenekoak 12 baino ez. Ikertzaileek meteorito-iturrien konplexutasunaren adierazletzat hartu dute fenomenoa, baina miraritzat ere har daiteke. Izan ere, deigarria da lau meteorito bakarrik detektatu eta halako kointzidentzia gertatzea.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia