}

Mertxe de Renobales: “Bioteknologiaren punturik beltzena jabetza intelektualaren arazoa da”

2002/05/01 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

EHUk antolatutako bioetikari buruzko XXI. foroaren baitan Mertxe de Renobales Scheifler-ek “Bioteknologia eta nekazaritza: argi-itzalak” hitzaldia eskaini zuen. Hitzaldia laburbildu eta gaiaren inguruko hainbat xehetasun interesgarri aipatu zituen elkarrizketan.

Nola definituko zenuke bioteknologia?

Mertxe de Renobales Scheifler Farmazia Fakultateko irakaslea da eta "Bioteknologia eta nekazaritza: argi-itzalak" hitzaldiaren egilea.

Bioteknologiak teknologia asko hartzen ditu. Ikuspegi orokor batetik esan daiteke ekoizkinak eta zerbitzuak lortzeko bizidunen prozesuak erabiltzea dela. Gaur egun interesatzen zaiguna ingeniaritza genetikoa edo DNA errekonbinantearen teknologia da.

Zein dira bioteknologiak nekazaritzari egin dizkion onurak?

Ingeniaritza genetikoak landare transgenikoak garatzeko ahalmena eman digu. Hori gabe ezinezkoa zatekeen, adibidez, beren intsektizida propioa sortzen duten landareak (Bt landareak) garatzea. ONUren giza garapenari buruzko txostenean ageri denez, landare horiei esker intsektizida gutxiago erabiltzen da. Esaterako, Estatu Batuetan, 1999an, kotoi-landen % 32tan Bt kotoi-landarea erein zen eta, horrela, 1.350 tona intsektizida gutxiago erabili eta ekoizpena 130.000 tona emendatu zen. Horrela, ingurumenari kalte gutxiago egiten zaio eta, gainera, zeharka, produktu horien aplikazioak gutxitzen direnez, erregaien erabilera eta CO 2 aren igorpenak murrizten dira.

Azkenik, bioteknologiari esker, zoru azidoetan (kultiba daitezken zoruen % 40 azidoa da) zein basikoetan (% 25 baino gehiago) hazten diren landareak ere garatu dira.

Aditu batzuen iritziz, landare transgenikoak gosetearen arazoa konpontzeko bidea dira. Zer iruditzen zaizu?

Munduan, gaur egun, behar bezalako edo behar bezainbat elikagai ez duen 800 milioi pertsona dago. Eta beste 1.200 milioi pertsonak egunean dolar bat baino gutxiago du. Gosearen arazoa oso konplexua da, eta alderdi politiko, sozio-ekonomiko eta teknikoak daude: banaketaren arazoa, behar dutenentzat prezio eskuragarriak izatea, behar den lekuan elikagaiak ekoizteko ahalmena…

FAOren txostenean aurreikusi denez, 2050erako 9.000 milioi biztanle egongo da munduan, eta horietarik 7.000 milioi hirugarren munduko biztanleak izango dira. Hortaz, ekoizpena handitzea ezinbestekoa da, batez ere elikadura eskas den herrialde horietan.

2050ean uzten produktibitatea 1997ko bera izanez gero, kultibatzeko 1.600 milioi hektarea gehiago beharko dira (gutxi gorabehera, gaur egungo bikoitza), eta, horretarako, deforestazio masiboak egin beharko dira. Ikuspegi zientifiko-teknikotik, landare transgenikoek egoera hori konpontzen lagun dezakete. Ongi diot lagun dezaketela, ez baitugu begi-bistatik kendu behar ez direla aukera bakarra.

Produktibitate handiagoko barietate lokalak eta izurriteekiko erresistenteak diren landareak garatu behar dira. Gaur egun, Saharaz hegoalderako Afrikako lurren % 26an soilik kultibatzen dira produktibitate handiko sorgo-barietateak, eta, gainera, batataren % 70-80 birusengatik galtzen da. Hego Amerikan ere, Bolivian esaterako, patataren % 50 nematodoek hondatzen dute. Bioteknologiari esker hori saihes daiteke. Bestalde, zoru azidoetara edo alkalinoetara egokitzen diren landareei esker, produktibitatea areagotzea lortuko da.

Hori horrela izateko, laborategietako jakintzak guztion esku egon beharko luke. Oraingoz ez da horrela, ezta?

Teknologia transgenikoaren ehuneko handia nazioarteko konpainia gutxi batzuen esku dago. Nekazaritzari eta elikagaien produkzioari loturiko jabetza intelektualaren arazoa hainbat erakundek salatu dute; besteak beste, Nazio Batuek (Giza Garapena 2001 txostena), FAOk, Nuffield Fundazioak, Estatu Batuetako Zientzia-akademia Nazionalak, Brasilek, Txinak, Indiak, Mexikok eta Erresuma Batuak.

"Ikuspegi zientifiko-teknikotik, landare transgenikoek gosetearen arazoa konpontzen lagun dezakete, nahiz ez diren irtenbide bakarra".

Erakunde horiek guztiek zinez aholkatu dute ikerketa bultzatuko duen eta, aldi berean, onura sozial handiko produktuak zabaltzen lagunduko duen jabetza intelektualaren sistema diseinatzea. Era berean, produktibitate handiko barietateen garapenean inbertsio publikoa emendatu behar da, eta garatutako herrialdeek hirugarren munduko zientzialarien formazioan esku hartu behar dute.

Produktu transgenikoak beste arlo batzuetan ere erabiltzen dira?

Bai, produktu transgenikoak beste arlo batzuetan ere erabiltzen dira. Adibidez, farmazietako produktu asko transgenikoei esker eskuratzen dira: esaterako, intsulina.

Bestalde, laborategiko animalia transgenikoak gaixotasun jakin batzuk ikertzeko edo gene batzuen funtzioa definitzeko erabiltzen dira.

Produktu industrial batzuk ere transgenikoak dira, hala nola, garbigailuko xaboien industrian erabiltzen diren entzimak eta elikagaien prozesamenduan erabiltzen diren entzimak. Poluitutako lurzoruak edo ura berreskuratzeko erabiltzen diren mikroorganismo asko ere transgenikoak dira.

Bioteknologiak egin dio kalterik nekazaritzari eta ingurumenari?

Teknologia guztiek bezala, horrek ere bere alderdi ona eta ez hain ona ditu. Nire ustez jabetza intelektualaren arazoa da punturik beltzena. Badaude ingurumenari loturiko alderdiak ere, baina ondorioak ateratzeko datu gehiago behar da. Adibidez, kultibatutako uzten eta sexualki bateragarriak diren landare basatien arteko gene fluxua oso kasu gutxitan aztertu da, eta balizko gene-fluxu horrek jatorrizko uztan izan dezakeen eraginari buruzko eztabaida hasi besterik ez da egin.

Europako Batasunak genetikoki eraldatutako organismoen segurtasunari buruzko ikerketa-programa sakona du. Dena dela, alderdi horiei buruzko ezagutza xehea ez izatea ez da arriskuaren sinonimo. Garrantzitsua da zuhurtasun handiarekin jokatzea, baina beldurrak geldiarazi gabe. Arriskua aztertu eta kuantifikatu ondoren (horretarako datuak behar dira) kudeaketa egokirako prozedurak zehaztu ahal izango dira.

Bioteknologiak ez du itzulbiderik?

Europako gizartea, oro har, ez da fidatzen transgenikoekin. Horren erakusle da iazko udan ELB sindikatuko laborariek arto transgenikoaren aurka egindako protestaldia.

Landare transgenikoek arazoak konpontzeko eskain dezaketen laguntza kontuan hartuta, bioteknologia ez da baztertu behar. Herritar gisa, uste dut kudeaketa egokirako arauak eta protokoloak jarri behar direla. Inplikatutako guztien interesak hartu behar dira kontuan, eta ez garapenaren atzean dauden talde ekonomikoenak soilik, baita nekazarienak (batez ere nekazari txikienak) eta herrialde garatu zein ez garatuetako kontsumitzaileenak ere. Puntu horretan, legitimoak diren iritzi asko egon daiteke; mendebaldeko kontsumitzailea gehiago kezka dezakete alergiari loturiko arazoek, baina, anartean, hirugarren mundukoek produktibitatea emendatzeko interesa izan dezakete.

Baina non gelditzen da kontsumitzailearen osasuna?

Pertsonen osasunari begira, orain arte komertzializatutako uzta transgenikoek eta horietatik eratorritako osagaiez prestatutako elikagaiek ez dute osasun-arazorik sortu. Uzta transgenikoek, komertzializatu aurretik, ohiko metodoekin hobetutako uztek jasaten ez dituzten kontrol batzuk iragaiten dituzte, eta banaka-banaka onartzen dira; sekula ez multzoka (esaterako Bt arto guztiak). Kontuan izan behar da zero arriskua ez dela existitzen, eta jakin behar dugu supermerkatuetako edo farmazietako produktuei kontrol eta irizpide zorrotz berak aplikatuko bagenizkie, apalak erdi hutsik geratuko liratekeela. Noski, alergiari loturiko ikerketak egiten ere jarraitu behar da, alderdi batzuei buruz informazio gehiago ukateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia