}

Merkurio Eguzkiaren aurretik

2003/05/07 Elhuyar Zientzia

Inoiz ikusi duzu Merkurio? Eguzkitik gertuen dagoen planeta da, eta horregatik da zaila ikusten. Egun askotan Eguzkiak estaltzen du, eta, hori gertatzen ez denean, ilunabarrean edo egunsentian bakarrik ikus daiteke, eta orduan ere denbora gutxian. Ilunabarrean, ia Eguzkiarekin batera ezkutatzen da, eta, goizaldean, Eguzkia ateratakoan planeta ez da bereizten.

Gaur goizean, aldiz, modu bitxi batez ikusi dute astronomoek; planetaren ibilbidean, Eguzkiaren aurretik pasatu da, eta une egokia izan da behatzeko. Eguzkiaren argazki honetan Merkurio ikusten da ibilbidearen hainbat puntutan. Lainotuta egon ez den herrietan, beraz, izarraren argi-disko handian beltzune bat ikusi dute. Noski, alperrik izan da begi hutsez saiatzea, irudia handitzeaz gain, begiak Eguzkiaren argitik babestu behar izan dituztelako.

Nolanahi ere, aukera ona izan da, 2016. urtera arte ez baita Merkurio berriz Eguzkiaren aurretik pasako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia