}

Meritu guztia ez da ardoarena

2006/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Meritu guztia ez da ardoarena
2006/03/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Danimarkan egindako ikerketa batean ikusi dute ardoa edaten dutenek janari osasungarriagoak erosten dituztela garagardoa eta likoreak edaten dituztenek baino.

Ikerketa asko egin dira ardoak, eta bereiziki ardo beltzak, osasunean duen eragin onuragarria frogatzeko. Azterketa estatistikoen bidez, ikusi dute ardoa edateko ohitura dutenek bihotzekoak eta zenbait minbizi izateko arrisku txikiagoa dutela bestelako edari alkoholdunak edaten dituztenek baino. Bestetik, frogatu dute ardoak badituela gaitz horien aurrean eragin babeslea duten substantziak, polifenolak, esaterako.

Baina, Danimarkako ikerketaren arabera, litekeena da ardoa edaten dutenek jaten dituzten elikagaiek ere zerikusi handia izatea horretan. Hain zuzen ere, jendeak erositako 3,5 milioi produktu aztertu zituzten, eta ikusi zuten ardoa erosten zutenek garagardoa erosten zutenek baino oliba, fruta eta barazki, oilasko, olio, gantz gutxiko gazta, esne eta haragi gehiago erosten zutela. Aldiz, garagardozaleek prestatutako janari, saltxitxa, azukre, txerri-haragi, gurin edo margarina, arkume eta edari freskagarri gehiago erosten zuten besteak baino.

Berriak labur
2
1
218
2006
3
003
Dietetika