}

Menopausia ondoko hormona-tratamenduak auzitan

2002/07/10 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Hormonen epe luzeko ondorioak aztertzen ari zen ikerketa bat bertan behera utzi dute Estatu Batuetan, bularreko minbizia eta bihotzeko gaitzak garatzeko arriskua gehiegi emendatu delako.

Menopausiaren eraginei aurre egiteko hormona bidezko tratamenduak jasotzen dituzte emakume askok. Estatu Batuetako Women’s Health Initiative erakundeak tratamendu horietako batek epe luzean izan ditzakeen ondorioak ikertzeko saio bat jarri zuen martxan 1997an, eta joan den maitzaren 31n bertan behera uztea erabaki zuten. Saioa 2005ean amaitzekoa zen arren, bihotzeko gaitzak eta bularreko minbizia garatzeko arriskua handiegia bihurtu zen bost urteren buruan. Ikerketaren emaitzak Journal of the American Medical Association aldizkarian argitaratu dituzte eta Internet bidez doan eskura daitezke .

Halako berriek kezka eta beldurra sortzen dutenez, merezi du ezer baino lehen ikerketa bere testuinguruan ongi kokatzea, esanguratsuak badira ere, emaitzek ez dutelako edozein hormona-tratamendutarako balio. Ikerketan parte hartu duten emakumeek egunero 0.625 mg estrogenoz (CEE estrogenoa) eta 2.5 mg progestinez (MPA progestina) osatutako dosi bakarra hartzen zuten, ahotik. Eta umetokia egoera onean zuten denek. Ikerketaren arduradunek esan dute emaitzak ezin direla hortik kanpora hedatu, formulazio beraren dosi txikiagoa, beste formulazio bat edo hormonak beste bideetatik hartuz gero, arriskuen eta onuren profila beste bat izan daitekeelako.

Europan ez omen da saioan erabili den pilula saltzen, antzekoak diren beste batzuk erabiltzen dira.

Orekarik ez arriskuen eta mesedeen artean

Bihotzeko gaitzak, bularreko minbizia, koloneko minbizia eta aldaka puskatzeko arriskua aztertu ditu Women’s Health Initiative erakundeak sustatutako ikerketak. 50 eta 79 urte arteko 16.608 emakumek hartu du parte; erdiak hormonak hartu ditu eta beste erdiak plazeboa.

Bost urteren buruan, hormona hartzen ari zen taldeko emakumeek bularreko minbizia garatzeko % 26 arrisku handiagoa zutela ikusi dute, eta ikerketa hor gelditu da. Bihotzeko gaixotasunak garatzeko arriskua % 29 handiagoa suertatu da eta bihotzekoa izatekoa, berriz, % 41 handiagoa. Bihotzeko gaitzen kasuan, arriskua tratamenduaren lehenengo urtean da handiena. Bularreko minbizia garatzeko arriskua, berriz, 3 urtetik aurrera egiten da handiago. Aldiz, hormona-tratamenduak babestu egiten ditu emakumeak koloneko minbiziaren kontra eta osteoporosiaren aurka.

Ehunekoek oso handiak ematen dute, baina datu absolutuei begiratuz gero, egoera ez da hain iluna. Datu absolutuak 10.000kotan eta urteko ematen dira. Ikerketa honen kasuan, hormonak hartzeak esan nahi du talde horretan bestean baino 8 bularreko minbizia-kasu gehiago eta 8 bihotzeko-kasu gehiago egongo direla urte betean; baina ordainean, 6 koloneko minbizi-kasu gutxiago eta 5 aldaka-haustura gutxiago. Zenbakiak txikiak dira.

Hala ere, mesedeak kalteak baino askoz ere txikiagoak iruditu zaizkie ikerketaren arduradunei eta, esan bezala, seguruago iruditu zaie bertan behera uztea. Antzeko emaitzak lehenago ere lortu dira, baina orain arte ez zen hain ikerketa luzerik egin.

Saio beraren barruan, baina beste talde batean, estrogenoen eragina aztertzen ari dira. Kasu horretan estrogenoak edo plazeboa hartzen dituzte emakumeek, eta guztiek umetokia erauzita dute. Ikerketa horrek aurrera segitzen du eta, 2005ean, amaitzen denean, datu interesgarri gehiago emango dituela espero da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia