MENOPAUSIA: kateak eteten direnean
1996/07/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Menopausiaren inguruko informazio-ezaren arrazoiak asko eta era askotakoak dira. Gai honen inguruko gabeziez aspaldi ohartu ziren Ginekologia Kontsultategiko kideak. Izan ere, azken hamar urteotan arlo hori jorratzen aitzindari izan dira; hitzaldiak, mahainguruak eta irrati-saioak egin izan dituzte, baina egoeraren benetako dimentsioa ezagutarazteko beste bide batzuk urratu behar zirela garbi ikusten zuten.
Urte horietako ibilbideari jarraipena emanez beraz, galdera-sorta prestatu zuen Kontsultategiak eta Gipuzkoan dituen lau zentruetan zabaltzeari ekin zion; Donostian, Irunen, Eibarren eta Arrasaten banatu zen galdera sorta hori 1995eko azken hiru hilabeteetan. Jasotako erantzunen portzentaia oso altua izan zen, %95 ingurukoa; orotara, 1.016 emakumek eta 81 gizonek erantzun zuten. Galderak egiteko orduan, edonork ulertzeko moduko hizkera erabili zen, herri-mailakoa.
Galdeketaren helburu nagusia menopausiaren inguruan dagoen ezjakintasuna azalaraztea bazen ere, egoera horretan eragin dezaketen faktoreak zerrendatzea ere lehentasunezko helburutzat jo zuten; besteak beste, ondoko faktoreak hartu ziren kontutan: adina, menopausikoa izan ala ez izan, egoera horri buruz jasotako informazioaren nolakotasuna, menopausiari buruzko iritzi orokorra eta amaren menopausiaz jasotako informazioa. Kontsultategiko kideen iritziz, faktore horiek guztiek eragin zuzena izan zezaketen menopausiaren inguruko pertzepzioan eta, gerora inkestak frogatu duenez, horrelaxe gertatzen da kasu gehien-gehienetan.
Menopausian zehar, beroaldiak izaten al ditu emakumeak? Ahotsa zakartu egiten al da? Sexu-irrika gutxiagotzea normala al da? Emakumeak gizendu egiten al dira? Hormona tratamenduak minbizia eta bizarra edo bibotea sorrarazten al du? Ikus dezakezunez irakurle, edonork ulertzeko moduko galderak dira horiek, zuzen-zuzenak. Eta horiexek aurkitu zituzten galdera-sorta erantzutera hurbildu ziren guztiek.
“Nire bizitzaren unerik lazgarrienetakoa”
Emakume askorentzat, horixe da menopausia, gaztetasunaren altxorra behin-betirako galtzea. Ginekologia Kontsultategiko kideek era horretako erantzunik jasoko zutela espero bazuten ere, inkestak isladatu duen egoera espero baino kezkagarriagoa izan dela aitortu dute.
Hasteko, menopausiaren inguruan dugun informazio-eza azpimarratu beharra dago. Egia da, bestalde, gero eta gehiago hitz egiten dela gai honi buruz, baina hori ez da oraingoz nahikoa. Izan ere, hitzetik hortzera dabiltzan topikoetara mugatu ohi da menopausiaren inguruko informazioa. Datu gutxi ditugu beraz, eta dauzkagunak ez dira zuzenak. Lehen ondorioa bada, egoera horrek izua sortzen duela da.
Bestalde, emakume gazteek menopausiari buruz duten pertzepzioa menopausia iragan dutenena baino askoz ezkorragoa da. Une horretara iritsita, emakume gehienek aitortu zuten “ez zela horrenbesterako”, baina gazteen artean ez da errealitate hori horrela isladatzen. Horra hor beraz, informazio-gabeziaren eragin nagusietako bat. Emakume gazteen artean, menopausiak sexu-irrika eta gaztetasuna erabat galtzea ekarriko duela azpimarratzen bazen ere, helduen artean ez da kezka hori maila berean ematen.
Errealitatea eta fikzioa bada, elkar lotzen ditu menopausiak. Informazioaren kalitatearen eta kantitatearen arabera ordea, datu horiek aldatu egiten dira nabarmenki. Emakumeak bada, informazio-faltaz kexu agertu ziren eta horri konponbidea emateko erak eta bideak aztertzea eskatzen dute nagusiki. Emakumeek bakarrik? Ba, bai; inkestaren arabera, gizonek informazio gutxi dutela aitortzen badute ere, iristen zaien apurrekin. —lagunartean edo han-hemen entzundako edo irakurritakoarekin— nahikoa dutela uste dute. Horra hor diferentzia bakarra.
Ez daki / ez du erantzun
Horixe da, hain justu, gehien errepikatu den erantzun-mota, ezjakintasunaren adibide garbia. Informazioa falta dela eta esaten zaiguna ez dela zuzena azpimarratu dute inkestaren emaitzek. Eta hortik noski, segidan aipatuko ditugun ondorioetara iritsi dira Ginekologia Kontsultategiko kideek. Batetik, menopausiaren inguruan jasotako informazioak (edo jaso ez denak) egoera animikoan duen eragina oso handia da; menopausiari buruz datu fidagarriak eskuratu dituen emakumeak ez du izurik sentitzen halabeharrez iritsiko den egoera horren aurrean, baina informaziorik ez duenarentzat “jainkoen zigorra” da menopausia.
Adinaren arabera bestalde, gazteen artean kezka handia sorrarazten duen gaia dela esan daiteke; informazio-ezak beldurra areagotzea ekartzen duela aitortzen dute eta oro har era beldurgarrian ikusten dute zahartzaroarekin lotzen den garaia. Heziketaren gabeziak oso handiak dira gai honekiko. Bistakoa denez, azken urteotan asko aurreratu da sexu-heziketan; tabu asko hautsi da eta naturaltasunez hitz egiten da duela gutxira arte “debekaturik” zeuden hainbat gaietaz. Hala ere, naturaltasun horrek ez ditu berdin bildu garai biologiko guztiak: gaztaroko aldaketak, haurdunaldia edota erditzea gai arruntak dira jadanik gazteen artean, baina menopausia arrotza zaie —zaigu?— erabat.
Eta orain zer?
Ginekologia Kontsultategiak eskuratu duen informazioak berebiziko garrantzia izan lezake esku gaituetan utziz gero. Izan ere, datu horiek garbi asko adierazten dute bide luzea dugula aurretik, eta maila askotan landu beharrekoa, gainera. Hasteko, hezkuntza mailan egin beharreko ahalegina oso handia dela erakusten du informazio horrek. Eskola-garaian ereindako “mamuek” bizi osorako baldintzatzen gaituztela ikusten da.
Horra hor, beraz, egitekoen artean lehena. Horrez gain, erantzun horietatik ondoriozta daitekeenez, menopausiaren tratamendu berezia antolatzeko mekanismoak urratu egin behar dira. Ginekologi unitateak egon badadude gure inguruan, baina menopausia unitate publikorik ez. Eskakizun hori gero eta handiagoa izango da urte gutxi batzuren buruan, populazioaren batezbesteko adinak aurrera egiten duen neurrian, premia areagotu egingo baita. Horra hor, beraz, egitekoen artean bigarrena. Datu hauek osasun-erakunde publikoen esku utzi nahi ditu Ginekologia Kontsultategiak, horiei baitagokie irtenbideak aztertzea.
Ginekologia Kontsultategia, 20 urteko ibilbidea
Duela 20 urte inguru sortu zen gaur egungo Ginekologia Kontsultategia. Hasiera Arrasateko asistentzi zentruan izan bazuen ere, gaur egun Arrasate, Eibar, Irun eta Donostian ditu egoitzak. Erakundea sortu zenetik gaur egunera, ginekologia bera asko aldatu da; halaber, asko aldatu dira gure ohiturak eta zenbait gairen aurrean duela gutxira arte nagusi zen tabu-giroa.
Ginekologia Kontsultategia bera ere asko aldatu da, baina urte hauetan guztietan aldatu ez denik ere bada: erakundearen helburua, emakumeei osoko zerbitzuak eskaintzea, hain zuzen. Eta helburu horri begira, datu-bilketa selektiboari ekin zaio Kontsultategian. Hainbat gaieren inguruko galderak eginez, hitzaldiak emanez edota aholkularitza eskainiz, erakundearen asmoa Gipuzkoako emakumeak hobeto ezagutzea da; jakina denez, ezagutzea baita zenbait arazori aurrea hartzeko lehen urratsa. Eta testuinguru horretan kokatzen da, hain justu, artikulu honetan aztertu dugun gaia, menopausiaria buruzko azterketa. Izan ere, Ginekologia Kontsultategiko menopausia unitateak hamar urte inguru daramatza arazo horiek aztertzen eta urteek damaien esperientziaren bermaz, aurrerapausu berriak ematekotan dira.
Ondoko sailek osatzen dituzte Ginekologia Kontsultategiko zerbitzuak: Ugantz patologia (Murgiondo Dok.), irudi-bidezko diagnosia (Estonba Dok.), lagundutako ugalketa (Gomez Dok.), adoleszentziako ginekologia (Azkue Dok.), onkologia ginekologikoa (Ruiz Dok.), menopausia (Cristobal Dok.), endoskopia ginekologikoa (Otalora Dok.), zitologia (Tombelle Dok.) eta dietetika eta elikadura (Zubizarreta Dok.).
Informa zaitez!
Azken urte hauetan, emakumeak gero eta garrantzi gehiago eskuratzen ari dira gure gizartean; "dagokien lekua" edota "merezi duten lekua" hartzen ari direla esan genezake. Kulturaren baliabideak bere egin ditu emakumeak eta horrela, duela oso gutxi arte pentsaezina bazen ere, politikako, arteetako edota literaturako ihardueretan gero eta handiagoa da emakumeen presentzia. Edota bestela esanda, gizartean finkatu da.
Alabaina, bada emakumeak eskuratu beharko duen kultur arloa, bere burua erabat kontrolaezinak diren fenomenoen menpe ikusiko ez badu: lege biologikoen ezagutzari dagokionez ere, emakumeak bere lekua aldarrikatu behar du. Emakumearen gorputza eta bere prozesu biologikoak gizonenak baino askoz aberatsago eta konplexuagoak dira. Emakumearen erabateko askatasunak bere gorputzaren ezagutza bereganatzea eskatzen du; horrela gertatuko ez baliz, hots, emakumeak arreta berezia behar duten prozesu biologikoak menperatuko ez balitu, ordura arte irabazitako guztia galtzeko arriskua egongo da.
Eta menopausia prozesu biologiko horietako bat da. Menopausia ezagutuz gero, horren ondorioak ezagutzeko modua izango du emakumeak eta horrela, bere buruaren jabe izaterik lortuko du. Emakume gazteek edonondik jaso dezake gaztaroan edota haurdunaldian zehar gertatuko zaizkion aldaketei buruzko informazioa, baina menopausia zer den ez dio inork azaltzen.
Baina gu, Ginekologia Kontsultategian, zeregin horretan ari gara. Duela 10 urte inguru eratu genuen Menopausiako Unitatea. Gure erantzukizun soziala zela uste genuen; guk ere, lagundu nahi genuen —eta lagundu nahi dugu— emakumeak gizartean bere lekua har dezan, arestian bezala, "dagokien lekua" edota merezi duten lekua".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia